Martxel Larrazak eta Joseba Olagaraik hitzaldia eskainiko dute ostegunean, 17:30ean Karreane kultur etxeko ganbaran. Aloña Jauregi eta Katrin Lizarralde zaldibitarrek ere parte hartuko dute bertan. "Xerka" fotokazetaritza proiektuak Euskal Herriko landa-eremuko 5 pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu, eta LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.
Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka hitzaldia emango dute ostegunean, 17:30, Zaldibiako Karreane kultur etxeko ganbaran. Eurekin batera, Aloña Jauregi eta Katrin Lizarralde zaldibitarrek ere beren lekukotzak eskainiko dituzte. Solasaldiaren aurreko egunetan, eta ondoren, uztailaren 3ra arte, argazki-erakusketa ikusgai egongo da Karreaneko ganbaran bertan, goizez.
Hitzaldian, zenbait lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari.
Xerka Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.