Hasi dira udaletxe berria eraikitzeko lehen lanak, gero egitura altxatzeko lur-eremua prestatzen ari dira egunotan. Indenort-Proviser enpresek osatutako taldeari esleitu zitzaizkion lanak eta 14 hilabeteko epean eraikiko da eraikina. Hemen duzue informazio gehiago, irudi eta planoak barne.
Ia bost urte iraun duen prozesuaren ondoren, martxan dira udal eraikin berria eraikitzeko lanak. Eraikin berriak, eskola zaharren eremuan eraikiko denak, hiru solairu izango ditu.
Behe solairuan, sarrerako aterpea (sarrera Santa Fe kaletik izango da), Beti Gazte Ostatua (bere sukalde, biltegi eta komun egokituekin), Beti Gazte Bulegoa (dutxa egokituarekin), erabilera anitzeko aretoa eta komun publiko egokitua egongo dira.
Lehen solairuan egongo dira udal harrera, idazkaritza, kontu-hartzailetza eta langile bulegoak, komuna, batzar aretoa eta ekitaldietarako aretoa (horma mugikorrarekin biak bat bihurtu daitezkeelarik), baita udal balkoi nagusia ere.
Bigarren solairuan, berriz, honakoa izango dugu: udal artxiboa, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak, bulego teknikoak, udal ordezkari eta alkatearen bulegoa, Bake Epailea, komuna, biltegia, telekomunikazio-gela eta balkoia.
Eraikina prest denean, altzariz hornitu eta lekualdaketa egingo da eta ondoren eraitsiko da udal eraikin zaharra. Beraz, plaza eraberritzeko prozesuak oraindik baditu etapa batzuk, baina gelditu gabe, azaroan beste partaidetza prozesu bati ekingo diogu, plaza berriaz hausnartzeko eta diseinua zehazteko antolatuko diren saio batzuen bidez. Aurrerago jasoko duzue honen berri.