Udalak Mugikortasun Planaren lanketa esleitu dio RAZ bulegoari

2023ko erronketako bat da Mugikortasun Plana landu eta idaztea eta lehen pausoa eman da RAZ, Tresna digitalak eta hiri berrikuntza kooperatiba txikiari lan hori egikaritzeko ardura emanez. Mugikortasunari lotutako oinarrizko gaiak aztertzeaz gain, bereziki landuko dira Santa Fe kalea eta Zaldibia-Ordizia bide-gorria. Prestaketa lanen ondoren, herritarrekin lantzeko saioak ere izango dira. 

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legeak hiri-mugikortasuneko plan bat izatera behartzen ditu 5000 biztanletik gorako herriak. Zaldibiak biztanle gutxiago dituen arren, herriko mugikortasuna lantzeko erronka hartu zuen Udalak 2023rako eta plan bat landu eta idatziko da. Gainera, mugikortasunarekin lotutako ekintzak aurrera eramateko diru-laguntza deialdi askotan derrigorrezko baldintza da ekintza horiek aurrez plan batean zehaztua egotea, finantziazioa jaso ahal izateko. Udalak RAZ. Tresna digitalak eta hiri berrikuntza bulegoari eman dio lan hau, 12.000€ (+BEZ)-ean.

Plan honen baitan diagnosi bat egingo da ondorengo atalekin:

- Zaldibiako mugikortasun patroiak, INE-ren (Espainiako Instituto Nacional de Estadística) mugikortasunari buruzko estatistika esperimentalaren datu-basean oinarritua.
- Mugikortasun ez-motorizatuari dagokionez, ibilbide estrategikoak eta pertzepzioa. Zehazkiago, plaza eraberritzeko proiektuaren ondorioak eta Zaldibia-Ordizia bidegorria eraiki ez izana azaltzen duten gakoak aztertuko dira.
- Garraio publikoari dagokionez, erabilerari buruzko datuak eta pertzepzioa.
- Ibilgailu pribatu motorizatuari dagokionez, motorizazioaren eboluzioa (gidari eta kotxe kopurua, errepideen intentsitatea) eta aparkalekuen balantzea.
- Ondorioak eta aukera ezberdinen bideragarritasuna.

Lanaren programazioari dagokionez, honako kronograma zehaztu da:

- Abiatze-bilera eta dokumentazioaren analisia: 2023ko apirila
- Diagnosia eta tarteko bilera: 2023ko uztaila
- Ekintza-planaren eta bi proiektu nagusien zirriborroen aurkezpena eta kontrastea: 2023ko iraila
- Emate finala eta aurkezpena: 2023ko azaroa

 

Atzo burutu zen Udalaren eta RAZeko teknikarien arteko lehen abiatze bilera eta jarraian Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak deitutako bileran izan ziren guztiak. Izan ere, 2013an onartutako Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana berrikusteko prozesua hasi du Foru Aldundiak. Bileran, Gipuzkoan eta Goierri eskualdean egin den eta egiteko falta den sarea zein den azaldu zen eta bertaratuen ekarpenak, kexak eta proposamenak jaso zituzten. Falta diren zatien inguruan arrazoi ekonomikoak eta politikoak aipatu ziren egin ez izanaren arrazoi nagusi gisa. 

Bestetik, Bizikleta Sarea sustatzeko eta planaren berrikuspena abiatu denez, sarea osatzen jarraitzeaz gainera, ezinbestekoa ikusten da konexio eta lotura egokiak lantzea (herriak, ikastetxeak, lantokiak...) eta zerbitzu osagarriak ere bultzatzea (bizikleta gordailuak, aparkalekuak, garbiketa eta mantenu lekuak, aldagelak...). 

Zaldibiatik bertaratutako ordezkari eta teknikariek sare orokorraz gain, Zaldibia-Ordizia arteko zatiari buruz hainbat galdera eta kezka azaleratu ahal izan zituzten, eta bildutako informazioa baliagarri ikusi zuten Mugikortasun Plan honen lanketan kontuan izan eta gaiari bultzada emateko, nahiz eta herri-arteko zatiari buruzko azken hitza Foru Aldundiak izan.  

Mugikortasun Planaren lanketan, herritarrekin batera saio batzuk egingo direnez, gaian interesa duten herritarrek beheko formulario hau bete dezakete eta gonbite zuzena bidaliko diegu. Horretaz gain, ohiko kanalen bidez ere egingo dira deialdiak. Halere, hau ez da epe motzean izango, orain dokumentazioaren azterketa eta diagnostikoa burutuko baita lehen pauso gisa. 

MUGIKORTASUN PLANA: BILERETAN PARTE HARTZEKO INTERESA DUTEN HERRITARRAK

Beheko datuak emanez, zerrenda bat egin nahi dugu gai honek bereziki interesa pizten dien herritarrekin. Hartara, bilera deialdi orokorrak egiteaz gain, zerrendan daudenei zuzeneko gonbitea egingo zaie.