Udalaren adierazpena jaietan gertatutako erasoen aurrean

Zaldibiako Udalak irmoki gaitzesten ditu herriko jaietako asteburuetan gertatutako sexu-erasoak, baita herrian izandako gainerako indarkeria-adierazpenak eta txikizioak ere. Jarraian adierazpena irakurgai.

 

Lehenik eta behin, elkartasuna eta babes osoa helarazi nahi dizkiegu sexu-erasoak jasan dituzten emakumeei. Udalak emakumeen askatasuna, segurtasuna eta duintasuna defendatzeko konpromisoa berresten du, eta emakumeen aurkako indarkeria oro gaitzesten du.

Gertatutakoak ez dira gertaera isolatu gisa ulertu behar. Emakumeen aurkako sexu-erasoek, espazio publikoan izandako indarkeria-ekintzek eta txikizioek agerian uzten dute indarkeria eta nagusitasuna erakusteko jarrerak oraindik ere presente daudela gure gizartean. Horien atzean dauden botere-harremanak, besteen gainetik jartzeko joerak eta gatazkak indarraren bidez konpontzeko jokabideak zalantzan jarri behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da indarkeria normalizatzen duten jarrerei aurre egitea eta berdintasunean, errespetuan eta elkarrekiko zaintzan oinarritutako harreman-ereduak bultzatzea.

Testuinguru horretan, sexu-erasoen ondoren erasotzaileei eraso fisikoz erantzun izana ere kezka-iturri da. Sexu-erasoen aurrean erantzuteak ez du beste indarkeria bat erabiltzea justifikatzen, eta eraso fisiko bat jasateak ez du aurretik egindako erasoa ezabatzen. Gertakari bakoitzaren erantzukizunak bere horretan jarraitzen du, eta indarkeria ezin da beste indarkeria baten aurrean erantzun zilegitzat hartu. Gatazkei aurre egiteko, indarra eta beldurra erabiltzea baztertu eta elkarrizketan, errespetuan eta erantzukizunean oinarritutako bideak lehenetsi behar ditugu.

Herrian gertatutakoaren aurrean, indarkeria matxistari aurre egiteko beste eredu batzuk ere egon dira, indarkeriarik gabekoak eta unean bertan indarkeria etetea helburu izan dutenak. Horrelako erantzunek erakusten dute badirela egoera horiei aurre egiteko beste modu batzuk, errespetuan, zaintzan eta erantzukizun kolektiboan oinarrituta.

Ildo horretan, Udalak Aske Zaldibiako talde feministak indarkeria matxistaren aurrean egiten duen lana eta herrian hausnarketa kolektiboa sustatzeko egiten duen ekarpena nabarmendu nahi ditu. Udalaren ustez, beharrezkoa da herrian horrelako ekimenak eta hausnarketarako espazioak izatea, indarkeria matxistari ikusgarritasuna emateko, gertatutakoaren inguruko kontzientzia kolektiboa sustatzeko eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen jarraitzeko. Era berean, herritar guztiak urriaren 22an, 18:30ean, Karreaneko ganbaran egingo den deialdian parte hartzera animatzen ditu, eta jakinarazten du Udalak ere bertan parte hartuko duela.

Gertatutakoak agerian utzi du indarkeria prebenitzeko eta berdintasunezko harremanak sustatzeko lanean jarraitu behar dugula. Horrek eguneroko jarrerak eta portaerak aztertzea eskatzen du, baita desberdintasuna, kontrola eta nagusitasuna normalizatzen dituzten diskurtsoei aurre egitea ere. Beste harreman-eredu batzuk behar ditugu: pertsona guztien askatasuna eta duintasuna errespetatzen dituztenak, berdintasunean oinarritzen direnak eta gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko gaitasuna sustatzen dutenak. Horretarako, erakundeen zein herritarren inplikazioa beharrezkoa da.

Zaldibiako Udalak bere konpromisoa berresten du emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, sexu-erasoak jasan dituztenei babesa eskaintzeko eta herritarren arteko bizikidetza baketsua sustatzeko. Horretarako, berdintasunean, errespetuan eta elkar zaintzean oinarritutako harremanak eraikitzen jarraituko du.