Udaleko Kultura eta Euskara arloaren sustapenez Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuan murgildu da Zaldibia. Proiektu honek euskal kultura Euskal Herriko bazterretara eramatea du helburu, sormen-egonaldien eta bertatik sortzen diren obrekin egingo den hedapen-zirkuitu baten bitartez. Ostegunean jarri zen lehen harria Oiartzunen Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako artista eta udalerrietako ordezkariak bilduta Arizmendi Eneako lorategian.
2021eko urtarrilean ireki zen artisten beka-deialdia, eta bertatik 73 proposamen artistiko jaso ziren; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. Hamar pertsonaz osatutako epaimahai baten bitartez, martxoaren 23an erabaki zen zein artistak jasoko zuten beka hori; eta hurrengo egunean egindako beste saio batean erabaki zen zein udalerritara joango zen artista bakoitza. Orotara, 26 artista izan dira hautatuak. Hemen artisten zerrenda eta bakoitzari lotu zaion herria:
Literatura
- Amasa-Villabona: Maitane Perez
- Araitz, Betelu eta Larraun: Iñaki Martiarena
- Artziniega: Ugaitz Agirre
- Etxarri-Aranatz: Yolanda Arrieta
- Larrabetzu: Nahia Zubeldia
- Leitza: Garazi Albizua Castelao
- Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre: Nefer Olaizola
- Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla: Maialen Akizu
- Ondarroa eta Berriatua: Sarai Robles
- Urepele: Iban Garro
- Usurbil: Itxaro Borda
- Uztaritze: Edorta Jimenez
- Zaldibia: Peru Calabaza Saban
- Zestoa: Danel Lauzirika
- Zuia: Bertol Arrieta
- Zumaia: Fito Rodriguez
Antzerkia
- Arrigorriaga: Tanttaka teatroa
- Atarrabia eta Uharte: Metrokoadroka sormen laborategia
- Bergara: Oier Zuñiga
- Oiartzun: Lore-more konpainia
- Oñati: Bon bon noir konpainia
Zinema
- Hernani: Raúl Barreras
- Baigorri: Josu Martinez
- Galdakao: Leire Egaña
- Tafalla: Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola
- Bera eta Lesaka: Eñaut Castagnet
Beraz, Peru Calabaza Saban Larrabetzun bizi den idazlea, jaiotzez iruñearra, izango da gurean eleberri edo ipuina sortzeko lanean. Maiatzaren 24tik 30era egingo du astebeteko lehen egonaldia Peruk gure artean eta ondoren, uztailaren 5etik 18ra beste bi astez etorriko da.Astelehean egingo zaio harrera beraz, eta hortik aurrera herrian eta herritarren artean murgilduko da bere proiektua bideratzen hasteko.
Izan ere, asmo batzuk landuak dakartza Peru Calabaza Sabanek. Herrira etortzean bere proiektuaz zehaztasun gehiago izango ditugun arren, honakoa aurreratu digu:
“Nola kontatu liteke herri baten xamurtasunaren historia? Posible al da hori?
Nik hiru astez herriko adin ezberdinetako pertsonekin elkarrizketa intimo samarrak egingo ditut, herrian ikusi edo sentitu dituzten xamurtasunarekin lotutako uneei buruz mintzatuz. Testigantza erreal horietatik fikzionatu egingo dut gero Zaldibiren xamurtasunaren historia, eleberri labur baten forma emanez. Herriaren ondareari dagozkion benetazko kontakizunak oinarri, pertsonaia batzuk sortu eta Zaldibin zehar ibiliko ditut. “
Datorren urtean, 2022an, jasoko da ereindakoaren uzta. Hala, Geuretik Sortuak proiektuaren baitan, sortu diren eleberri guztiekin argitaratuko den liburuaren aurkezpena izango dugu herrian (tartean Zaldibian sortutako ipuina izango duena), baita antzerki-obren eta laburmetraien bilduma izango den pelikularen emanaldiak ere.
Udalbiltzako lehendakariaren hitzek laburbildu dute momentua: “argazki hau ere herri honen kontakizunaren parte izatera igaroko da; Euskal Herri osoko sortzaile eta hautetsiak euskarazko kulturari eta sormenari putz handi bat emateko Geuretik Sortuak izeneko teilatupean elkartu zirenekoa”.