Martxo hasieran eman zituen lehen pausoak Zaldibiko nerabeek herriarekiko duten lotura indartzeko asmoz sortutako partaidetza prozesuak. Heldu da unea geldialdia egin, jorratutako bideaz hausnartu eta indarrak hartzeko, udazkenean prozesuari berrekiteko. Albistearen barruan duzue eskuragarri informazio gehiago.
Proiektu honen sustapenean jardun dira udaleko gazteria arloa, Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea eta prozesua bideratzeko bidelagun izan diren Emun Aholkularitzako dinamizatzaileak.
Prozesuaren muina nerabeekin eginiko bi saiotan garatu zen. Maiatzaren 8an izan zen lehendabizikoa, 27 nerabek parte hartu zutelarik. Bertan diagnosi orokor bat egitea zen helburua, nerabeengandik euren beharrak, herriarekiko pertzepzioa eta eguneroko arazo-erronkak jasoz. Herrian duten kokapenaz ere hausnartu zuten, mapatze kolektiboa eta nerabeek dinamizatzaileei eginiko bisita gidatua tarteko.
Bigarren saioa maiatzaren 15ean izan zen. 21 gaztek parte hartu zuten oraingoan. Kasu honetan, aurreko saioko diagnostikoan azaldu ziren hainbat gai mahai-gaineratu, eta proiektuak diseinatu zituzten, talde txikitan banatuta. Nerabeek proiektu hauen aurkezpena ere egin zuten, beraien gustukoenak zirenak aukeratzeko.
Azkenik, eta udako atsedenaren aurretik, itzulerako saio bat egin zen ekainean ikasle zein gurasoekin. Gaztetxoekin bilduz aurrena, eurek egindako lan eta ekarpenari erantzuna eman eta hurrengo urratsak haiekin elkarbanatu eta adosteko. Ondoren, guraso edo familiekin, prozesuaren berri eman eta elkarrekin hausnartzeko.
Orain, esan bezala, indarrak hartzeko unea da. Gozatu uda!!!