UEMA: “Nahikoa da! Gu euskaraz gara!”

UEMAko hautetsiek agerraldi jendetsua egin zuten ostiralean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka emandako epaiaren harira: udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu die. Bertan izan zen Ioritz Berra Zaldibiako alkatea, beste 125 alkate eta hautetsirekin batera. 

 

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hautetsiek agerraldi jendetsua egin zuten ostiralean, Usurbilen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka emandako epaiaren ondotik: zehazki, 6.2. artikuluaren aurkako epaia eman du, udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ematen diena. Horren aurrean, agerraldia egin zuten. “Nahikoa da! Nahikoa dela esatera etorri gara gaur UEMAko ordezkariok”, hartu zuen hitza Iraitz Lazkano UEMAko arduradunak.

UEMAko kideen ustez, “marra gorri guztiak” gainditu dira. Lazkanok gogorarazi zuenez, Toki Erakundeen Legearen arabera udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta orain aukera hori baliogabetu da. UEMAko jarduneko lehendakariaren arabera, epai honekin, udalei “eskumena kendu zaie” beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta “muga argi” bat ezarri: “Administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak”.

Euskaraz jarraituko dute

Aurrera begira, Lazkanok esan zuen orain arte bezala jarraituko dutela lanean UEMAko udalek: “Guk horrelaxe jarraituko dugu, euskaraz funtzionatzen; horretarako bide luzea egin dugulako eta gure konpromisoa eta nahia delako”. Horrez gain, nabarmendu zuen UEMAko udalek ez dituztela herritarren hizkuntz eskubideak urratzen: “Administrazio askotan ez bezala, UEMAko udaletan hizkuntz eskubideak bermatzen dira”. Baliogabetutako artikulua jasotzen duen legea Eusko Legebiltzarrak onartu zuen 2016an, gehiengo zabalarekin, 1982ko Euskararen Legeak berak baino adostasun zabalagoarekin.

Eraso hau ez da ezerezetik sortu. Lazkanok gogorarazi zuen ultraeskuina dagoela honen oinarrian: “VOXen salaketa bat. Duela bi urte, VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza-jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta EAEn batere zinegotzirik eduki gabe”. Bigarren urratsa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen, Lazkanok gogorarazi zuenez. Epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten, eta Madrilera bidali zuten kasua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera. Eta hirugarren pausoa auzitegi horrek eman du: 6.2 artikulua baliogabetu du.

Lazkanoren arabera, hau ez da berria UEMAko udalentzat, gogoan dutelako duela urte batzuk zer-nolako arazoak izan ziren gai honekin lotuta: “Aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak… Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak”. Horrez gain, gehitu du azkenaldian “kutsu bereko” epai bat baino gehiago jaso dituztela.

Horregatik guztiagatik, UEMAko hautetsien ordezkaritza zabalak irmo aldarrikatu du euskarak “estatus juridiko berria” behar duela. Azaroaren 4an, UEMA ere izango da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestan. “Euskarak arnasa behar du. Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak”.