Lau udal berriekin, 101 udal izatera iritsi da UEMA, eta ekitaldia egin zen larunbatean Azpeitian, udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko eta herri honek euskarari eusteko egindako bidea omentzeko. Bertan izan ziren Zaldibiako Udaleko ordezkariak ere.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin zuen larunbat goizean Azpeitian, eta Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebeko udalek mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu zituzten batzarkideek.
Horrela, 101 udal izatera heldu da UEMA. Inoiz baino udal gehiago gara UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dugu.
Ekitaldia, erakunde publikoen, euskalgintzaren eta herritarren babes zabalarekin
Batzar nagusia amaitu ondoren, UEMA 100 udal eta hamaika gehiago, bidea zabaltzen lelopean ekitaldia egin zuen UEMAk Soreasu Antzokian bertan. 540 laguneko edukiera erabat bete zen, eta hainbat hedabidek zuzenean eskaini zuten ekitaldia, EiTBren zuzeneko streaming seinalea webguneetan txertatuta.
UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela adierazi zuten ekitaldian parte hartu zuten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek, eta erabilerari hauspoa emateko erronkari erabaki sendoekin eta elkarlanean heldu beharko zaiola nabarmendu dute, erdaren erauntsipean euskarak bigarren mailan ez geratzeko egiturazko neurriak eta erabakiak ezinbestekoak dituela adieraziz.
Bertan izan ziren Zaldibiako Udala ordezkatuz Jon Luloaga Aranburu eta Xabier Irastorza Jauregi zinegotziak ere, Zaldibiari dagokion oroigarria jasoz.
Ekitaldia osorik ikusteko SAKATU HEMEN
Ekitaldiko hemeroteka sorta ikusteko SAKATU HEMEN