Udan udalerri euskaldunak bisitatuko dituztenak zein horiekin harremana izango duten zerbitzuen sektoreko kideak euskara aintzat hartzera deitu ditu mankomunitateak. Herriko jatetxe eta tabernentzako mahai gainekoak banatu ditu udalak.
Udaren atarian, Bertatik Bertara kanpaina abiatu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta beste hainbat udal eta garapen agentziak bezala, horrekin bat egin du Zaldibiako Udalak ere. Kanpainaren helburua da udalerri euskaldunetara jotzen duten bisitariek zein bisitariekin harreman zuzena izaten duten zerbitzuen sektoreko arduradun eta langileek euskara aintzat hartzea. “Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia da”, mankomunitatearen esanetan.
Bisitariei arreta erdaraz eskaintzea bertako hizkuntza alde batera uztea dela nabarmendu dute bi aldeek. Hortaz, euskaraz egin edota gutxienez oinarrizko esamoldeak euskarazkoak izan daitezen gonbita egin diete ostalariei; izan ere, bisitariek sarri adierazi izan dute horren bila jotzen dutela udalerri euskaldunetara. Horretarako, pare bat aholku eman dizkiete. Batetik, lehen hitza eta agurrak euskaraz izatea, eta eskerrak euskaraz ematea. Bestetik, lokaleko zein erabiltzen dituzten komunikazio kanaletako hizkuntza zaintzeko: kartelak, menuak...
Hori horrela, mahai gainekoak banatu dituzte sektoreko establezimenduen artean. Zenbait oinarrizko esamolde euskaraz zein beste hainbat hizkuntzatan nola esaten diren erakusten dute, koadro baten bidez, bisitariek ere ahotan euskara erabil dezaten.
Merkatariak eta ostalariak gaiarekin sentsibilizatzeko bideo bat egin dute Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Arnasa Gara kanpainaren barruan egindako Euskara da gure postalik ederrena izenburupean: