Urriaren 27ko Ohiko Osoko Bilkurako informazioa: 2022rako ordenantza fiskalak eta eukaliptoaren inguruko mozioak

Urriaren 27an burutu zen ohiko osoko bilkuran hainbat gai landu ziren. 2022rako ordenantza fiskalak onartu ziren behin-behinean eta Eukaliptuaren eta baso kudeaketaren gaiari buruzko bi mozio landu ziren, bata onartua izan zen eta bestea ez. Horrez gain, ohiko osoko bilkura guztietan bezala, Alkateak sinatutako dekretuen eta aurrekontuen egikaritzearen inguruko informazioa eman zen.

AZTERGAIAK:

1. 2021eko urriaren 7an egindako bilkurako akten irakurketa eta bere kasuan, onespena. 

  • Akats pare bat zuzenduta, aho batez onartu ziren aurreko bi aktak.

2. Aurreko ohiko udalbatzatik Alkateak sinatutako Dekretuen zerrendari buruzko informazioa ematea.

  • Udalbatzako kideek argitutzat eman zituzten dekretuei buruzko azalpenak.

3. 2022 urterako Ordenantza fiskalen aldaketa behin behinean onartzea.

EH Bilduk egindako proposamenak aurrera egin zuen EH Bilduko 5 boturekin eta EAJ-PNVko bi abstentzioekin. Hala, gobernu taldeak honela azaldu zituen aldaketen arrazoiak, aurrez batzorde informatzailean azalduak:

"KOKAPENA:

Urte gogorra izan zen 2020a eta 2021a ere bide beretik doa. Covid-19ak sortutako ziurgabetasunak, maila pertsonaletan zein gizarte bezala eragin dizkigun kalteez gain, maila ekonomikoan eta lan munduan ere eraginak izan ditu. Bizitzeko oinarrizko gaien prezioak gora doaz mugagabe, ikusi besterik ez dago argi-indarrarekin gertatzen ari dena, baita ondorioz ogiarekin ere. Hala, lehen zeuden desberdintasunak areagotzen doaz eta larri zebilena lehen, larriago dabil orain.

Udal tasen xumetasunetik eta zerbitzuaren kalitatea eutsi eta hobetzea bermatuz, 2022ko ordenantza fiskalekin errealitate honi erantzun nahi diogu, herritar zaurgarrienak eta gai funtsezkoenak babestuz.

PROPOSATUTAKO ALDAKETAK

Honako aldaketak proposatzen ditugu:

Irizpide orokor gisa zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren azpitik igotzea, hau da, azpiko inflazioa erabiltzea proposatzen dugu: %1,5. Kontuan hartu behar da KPIak, aurreko urteekin alderatuz, izugarrizko igoera izan duela (%3), nagusiki, argindarraren edota erregaien garestitzeak eraginda.

Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergak, Jabari Publikoaren Erabilera Pribatiboaren aprobetxamendu bereziagatiko tasak, lur publikoa okupatzeagatiko tasak, Hilerriko Udal Zerbitzuak eta Musika Eskola Zerbitzuko prezioek jasango lukete %1,5eko igoera hau.

Irizpide orokorra hori izanik ere, salbuespenak ere proposatzen dira:

Hondakinen tasan igoera handiagoa izan beharko da. Hondakinen tratamendu kostuaren prezioa gora doa, batez ere errefusa erraustegian tratatzeagatik, eta honek zerbitzuaren gastu osoa igotzea dakar. Igoerarik aplikatuko ez balitz, Zaldibiako Udalak ordaindu beharreko kantitatea geroz eta handia izango litzateke.

2021eko kostua 149.000€koa izatea aurreikusi zuen Sasietak eta tasa bidez 111.000€ jasoko dira, beraz Udalak 38.000€ bideratu beharko ditu diferentzia osatzeko. 2022rako 155.000€ko kostua aurreikusi du Sasietak Zaldibiarako eta igoerarik aplikatu ezean, tartea iaz baino are handiagoa litzateke. Horregatik, etxebizitzetan proportzio txikiagoan eta zerbitzu eta industria sektoreetan handiagoan igoera aplikatzea proposatzen da, eta hala, gutxi gora-behera 118.000€ jasoko lirateke tasen bidez. Etxebizitzen kasuan, urteko kuota 6 eta 8€ artean garestituko litzateke, adibidez.

Bestalde, industrien kasuan eremu horri dagokion hondakin zerbitzuaren kostua %100 ordainduko da beraiei aplikatuko zaizkien tasen bidez. Iaz jarri zen tasa berria industriarako, zati finko eta aldakorrarekin (errefusa edukiontzi kopuruaren eta ontzi tamainaren arabera). Aurten, enpresen ekarpenak kontuan hartuta aldaketa bat proposatzen da: tarifa finkoak langile kopuruaren arabera ezberdinak izatea.

Hondakinen tasarekin amaitzeko, aipatu nahi dugu Zaldibiako Udala Sasietarekin lantzen ari dela sortze bidezko tarifikazioaren gaia, hondakinen tasa bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruari lotuta joan dadin. Espero dugu 2022an sistema hau martxan jartzea eta hala bada dagozkion egokitzapenak egingo dira ordenantza fiskaletan.

Igoerarik jasango ez luketen tasak ere badira: etxez etxeko zerbitzua eta ur hornidura zerbitzua. Zerbitzuaren kalitatea bermatua ikusten dugu egungo tasekin eta beraz bere horretan uztea proposatzen da, zaintza eta ura funtsezko gaiak direlako.

Bukatzeko, Eraikuntza, Instalapen eta Obren gaineko Zergaren kasuan, aldaketa bat egitea proposatzen da. Konfinamenduak etxebizitzen egokitasun beharra eta garrantzia zenbatekoa den erakutsi digu eta obra txikiak asko ugaritu dira. Hau honela izanik, %5eko portzentaia obra handien kasuan mantenduko genuke, baina obra txikientzat %3,5era jaitsi. Honek Udalari diru sarrerak murriztea eragingo badio ere, helburua herriko etxebizitzetan egokitzapen lan txikiak egin daitezen ahalik eta gutxien oztopatzea da.

Esan behar da baita ere, jakinaren gainean jartzeko lanak direnean udalak ez diola herritarrari ezer kobratzen, ezta lizentziak, kontsultak, baimenak eta bestelako tramiteak egiteagatik ere, beste udal askotan gertatzen ez den bezala."

Batzorde informatzailean udal gobernuaren proposamena ikusi ondoren, EAJ/PNVko taldeko kideek eztabaidatu zuten tasaren izaera legala kontuan izanik zabor bilketa, garraio eta kudeaketa zerbitzuaren kostua zerbitzua hartzen dutenen artean banandu behar dela eta udalak ez duela kostu horren zatirik finantziatu behar. Hala, abstentzioa bozkatu zuten EAJ-PNVko ordezkariek.

     Datozen egunetan, iragarkia GAOn argitaratu ondoren, jendaurreko epea irekiko da 2022ko ordenantza fiskalak behin-betiko onartu aurretik.

4. Ekualiptoari buruzko mozioa. EH Bilduk aurkeztua.

EH Bilduk egindako proposamenak aurrera egin zuen EH Bilduko 5 boturekin eta EAJ-PNVko bi aurkako boturekin. Hau dio onartutako mozioak:

 

  • Zaldibiako Udalak, Eukaliptoa, eta lurrarentzat eta bioaniztasunarentzat kaltegarriak diren gainontzeko espezie guztien landaketak saihesteko, bere esku dagoen guztia egiteko konpromezua hartzea.
  • Kontuan izanik Euskadiko basoetan eta baso-lurretan Eukaliptoak duen presentziak lur hauen bioaniztasuna, produktibitatea, birsortzeko ahalmena, bizitasuna eta gaur egun eta etorkizunean izan behar dituen gizarte eta funtzio ekologikoak kolonkan ipintzen dituela, Zaldibiako Udalak, Eusko Jaurlaritzari Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eratzeko eta Eucalyptus barietate desberdinak katalogo honetan jasotzeko administrazioprozedurak berehala ireki ditzala eskatzea.
  • Zaldibiako Udalak, Foru Aldundiari baso-politikak alda ditzala eskatzea; gure lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen, eta gaur egun mendietan dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezaten.

 

5. 2021eko aurrekontuaren 5. Kreditu Aldaketa: kreditu gehigarrien modalitatea.

  • Aho batez onartu zen, erosketa bonoak direla eta, 12.000€ko diru sarrera gehitzea aurtengo aurrekontura, eta 18.000€ko gastua onartzea.

 

6. 2021eko aurrekontuaren egikaritzari buruzko informazioa:

  • Idazkariak azalpenak eman zituen aurrekontuen egikaritzeari dagokionean eta sarrera irteerak aurreikusi bezela burutzen ari direla azaldu zuen.

7.Galde erreguak

  • Galde erregurik egon ez bazen ere bileran puntu gehigarri bat tratatzea adostu zen. Zehazki EAJ-PNVk aurkezturiko Baso landaketa eta kudeaketaren inguruko mozioa.

8. Baso landaketa eta kudeaketaren inguruko mozioa. EAJ-PNVk aurkeztua.

  • EAJ-PNVk egindako proposamenak ez zuen aurrera egin EH Bilduko aurkako 5 boturekin eta EAJ-PNVko bi aldeko boturekin.

 

Atxikita daude Osoko bilkuran bozkatu ziren dokumentuak. 

Zaldibian, 2021eko urriaren 27an.