Zaldibiako Udalak, Nafarroako Konkistaren 500. urtemuga honetan, eta Durango, Gernika zein beste hainbat euskal udalerrien bonbardaketetatik 75 urte pasa direnean, gure herriaren memoria historikoa bizirik mantentzeko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen du.
2012 urtea berezia dugu Euskal Herri osoan. Batetik, faxista espainiarrek 1937. urtean Gernika, Durango eta beste hainbat Euskal Herriko udalerri bonbardatu zuteneko 75. urteurrena betetzen da, eta bestetik, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik 500 urte betetzen dira. Ez batean, ez bestean, urtemuga hauetan euskal herritarrok ez daukagu ezer ospatzerik, gure herriaren eta gure herritarren aurkako eraso latzak izan baitziren biek ala biek.
Jakina da hainbat sektoretatik gertaera horien irakurketa okerra eta manipulatua egin izan dela urteotan, irabazleak izaten baitira beti historia idazten dutenak. Baina saldu nahi izan diguten ikuspegi historikoaren gainetik, irakurketa kritikoa egiten jakin izan du euskal jendarteak. Nafarroako Konkistaren kasuan, esaterako, egun inork ezin du zalantzan jarri 1512koa nafarren borondatearen aurkako konkista odoltsua izan zenik.
Eremu politiko jakin batzuk orain gutxira arte gertaera horrekiko defendatu duten irakurketa oso bestelakoa izan da, ordea. Izan ere, Nafarroak Estatu izaera izan zuela aitortzea eta egungo estatus juridiko-politikoa inposaketaren ondorio dela onartzea nafarron, euskal herritarron nazio eskubidea urratu zela aitortzea ekarriko bailuke.
Orain dela 500 urteko gertaera horiek iraganekoak dira, bai, baina horren ondorio latzak oraindik ere pairatzen ditugu.
Izan ere, gure historian inposaketa horrek ondorio politiko argiak izan ditu. Batetik, gatazka iraunkorra ekarri dio gure herriari, bere naziotasunaren eta eskubideen defentsan. Eta bestetik, mendeetako asimilazio prozesuak, gure nortasuna, gure hizkuntza eta gure kultura desagertzeko zorian jarri ditu. Era berean, gure garapen ekonomikoa baldintzatua izan dugu, eta dugun eredu soziala ere Estatuek inposatu digute. Faktore horiek guztiek eredu berri bat eraikitzeko zailtasunak areagotu besterik ez dute egin.
Baina, inposaketen eta traba guztien gainetik, herri honek borondate irmoa izan du eta badu bizirik jarraitzeko eta askatasunerantz urratsak egiteko. Nafarroa bizirik da, Euskal Herria bizirik da 500 urte eta gero, eta bada garaia jendarteak bere etorkizunaz libreki hitz egin eta erabaki dezan.
Urtemuga ezin hobea dugu oraingoan, gure iragana gogoratuz, etorkizunari ateak irekitzeko eta gure etorkizuna libreki erabaki nahi dugula aldarrikatzeko.
Ildo horretatik, ekainaren 16an Nafarroa Bizirik plataformak Iru?ean deitutako martxa nazionala begi onez ikusten dugu, urtemuga honetan euskal herritar guztiok, elkarrekin, gure iragana ezagutu eta hortik etorkizunerako jauzia egin dezagun.
Hausnarketa hau abiapuntu hartuta, beraz, Zaldibiako Udalak honakoa adierazten du:
Zaldibiako Udalak, Nafarroako Konkistaren 500. urtemuga honetan, eta Durango, Gernika zein beste hainbat euskal udalerrien bonbardaketetatik 75 urte pasa direnean, gure herriaren memoria historikoa bizirik mantentzeko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen du. Ildo horretatik, Udal honek sektore batzuek gertaera historiko horietaz egindako irakurketa okerra eta manipulatua salatzen du.
Zaldibiako Udalak Espainiako Estatuari dei egiten dio Nafarroari eta Euskal Herri osoari 1512ko Konkistan eta 1936-39ko altxamendu faxistan eragindako kaltearen aitortza egitea; eta halaber eskatzen dio Nafarroak eta Euskal Herri osoari herri gisa dagozkion eskubideak errespetatzea, Euskal Herria eta Espainiaren artean mendez mende luzatu den gatazka politikoari behin betiko konponbide demokratikoa eraikitzeko urratsak eginez.
Zaldibiako Udalak gertaera haiek izandako ondorio sozial zein politikoak aintzat hartzeko beharra adierazten du. Ildo horretatik, Nafarroako, Euskal Herri osoko jendarteak etorkizunari ateak irekitzeko garaia dela uste du, eta euskal jendarteak bere etorkizunaz libreki hitz egin eta erabakitzeko eskubidea duela aitortzen du. Era berean, Udal honek eskubide horren alde jarduteko bere konpromisoa adierazten du.
Udal honek. Uztailak 25ean nafarroako ikurra eskegita jarriko du, Iru?ea, Konkistatu zuten 500 urte betetzen direlako.
Udal honek Nafarroa Bizirik herri ekimenaren lanarekin bat egiten du. Eta bere laguntza eskeintzen dio,. ekimenaren sinboloa udaletxean jarriz eta antolatu daitezken bestelako ekimentetan parte hartzeko borondatea azalduz.
Zaldibiako Udalak ekainaren 16an Nafarroa Bizirik plataformak Iru?ean deitutako martxa nazionalarekin bat egiten duela adierazten du. Era berean, herritarrei dei egiten die bertan modu aktiboan parte har dezaten.
Zaldibiako udalak, parte hartuko du aipatutako martxan, ordezkaritza baten bitartez eta herriko izena eramanez.
2012ko uztailaren 3an burutu zen plenoan, Udalbatzak, Bilduko 5 zinegotzien aldeko botuekin eta Zaldibia Herrigintzan taldeko 2 zinegotzien aurkako botuekin? mozio hau onartzea erabaki zuen. Informazio osoa.