Zaldibia, Legorreta eta Itsasondoko herritarrek diseinatu dute bilketa

Zaldibia, Legorreta eta Itsasondon orotara 1.129 pertsonak hartu dute parte prozesuan, herritarren heren batek gutxi asko, eta hainbat erabaki hartzeaz gain, atez ateko bilketa sistema hobetzeko proposamenak ere egin dituzte.

Azaroaren 12an hasita, zonaldekako eta sektorekako hainbat parte-hartze bilera egin ditu Sasietako Mankomunitateak Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko herritarrekin batera hondakinak gaika biltzeko eredu eraginkorrago bat sortzeko.  Orotara 1.129 pertsonak hartu dute parte prozesuan, herritarren heren batek gutxi asko, eta hainbat erabaki hartzeaz gain, zerbitzua hobetzeko proposamenak ere egin dituzte.

Arrakastatsua izan da hondakinen atez ateko bilketa diseinatzeko prozesua eta oinarria jada adostuta, sistema martxan jartzeko urratsak emango dira jarraian. Hala adierazi du gaur Sasieta Mankomunitateko presidente Azeari Andonegik Legorretako alkate Bakartxo Mendezekin, Zaldibiako alkate Joxan Etxaberekin eta Itsasondoko alkate Axier Garrorekin batera egindako prentsaurrekoan. Guztira, 1.129 herritarrek hartu dute parte-hartze prozesuan: 366k Legorretan, 620k Zaldibian eta 143k Itsasondon.

Azaroaren 12an hasi eta abenduaren 19ra arte, herri bakoitzean zonaldekako bilerez gain, sektorekako bilerak ere egin dira jubilatuekin, merkatariekin, ikastetxeekin eta elkarte gastronomikoetako nahiz jatetxeetako langileekin. Bilera batzuk emankorragoak izan dira besteak baino, hala ere, Sasietako Mankomunitatea eta Legorreta, Zaldibia nahiz Itsasondoko Udalak oso gustura agertu dira eta balorazio positiboa egin dute parte-hartze prozesuaz. “Azken batean hondakinen bilketarako sistemarik eraginkorrena guztion artean ari gara diseinatzen. Orain artekoan Legorreta, Zaldibia nahiz Itsasondoko herritarrak asko ari dira inplikatzen eta horren fruitua da parte-hartze prozesuak izan duen emaitza eta arrakasta”, azaldu du Andonegik.

Hondakinen % 80 baino gehiago birziklatzea helburu hartuta eta orain artean ezagutzen diren sistemen artetik emaitzarik onenak ematen dituela iritzita, Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon atez atezko sistema berria eta pertsonalizatua ezarriko da datozen hilabeteetan. Sasietako Mankomunitateak bilketa egiteko proposatu duen eredua, ordea, irekia da, beraz herritarrekin batera hainbat erabaki hartu dira, herri bakoitzeko nahiak eta ekarpenak kontuan hartuz behin betiko modeloa zehazteko.

Parte-hartze bileretan, oro har, ereduaren inguruan hitz egiteaz gain, beste hainbat erabaki ere hartu dira. Hasteko eta behin, kubo urdinaren ordez, komunitateko edukiontzi handiago bat erabiltzearen artean erabakitzeko aukera izan dute etxebizitza bateko kideek. Bigarrenik, ontzi arinen kubo horia ere aukerakoa da, eta bere ordez, mankomunitateak ematen dituen poltsa horiak erabil daitezke. Aukera horren aurrean, ordea, bai Legorreta, bai Zaldibia eta bai Itsasondoko herritarrek kuboen aukera lehenetsi dute. Hirugarrenik, bizilagun komunitate bakoitzak erabaki ahal izan du zintzilikarioa jarri edo ez. Hiru herrietako bizilagun gehienek, zintzilikariorik gabe, lurrean utziko dituzte edukiontziak. Bizitza askoko etxeetan aldiz, paretako zintzilikarioak erabiliko dira. Azkenik, bilketarako proposatutako egutegia eta ordutegia aldatu egin dira. Hala, astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan organikoa bilduko da; asteartetan eta ostiraletan ontzi arinak; asteazkenetan papera; eta igandetan errefusa. Zaborra ateratzeko ordutegia ere aldatu egin da herritarren beharrak ezagutu eta proposamenak entzun ostean. Beraz, hasiera batean, 20:00etatik 22:00etara aurreikusten bazen ere bilketa egitea, ordubete gehiago luzatuko da tarte hori.

Horrezaz guztiaz gain, herri bakoitzean landa-guneentzat bilketa guneak non jarri erabaki da. Larrialdi kasuetan, edozein herritarrek erabili ahalko ditu bilketa gune horiek. Bilketa gune horretara sartzeko identifikazio-txartel bat beharko da. Herritarrek berrerabilpenaren, birziklapenaren, autokonpostaren nahiz neurri zuzentzaileen gainean ere hitz egin dute eta proposamen zehatzak egin dituzte. Hainbat kezka eta arazo sektorial azaleratu direnez, oso aberasgarriak izan dira parte-hartze bilerak zerbitzuaren hobekuntzarako. Esaterako, pix-ohialak eta konpresak egunero ateratzeko aukera izango da, baina hasieran proposatu bezala, kuboen gainean aparteko poltsa batean utzi beharrean, kubo barnean aterako dira eta biltzaileek jakin dezaten, kuboei adierazgarriren bat jarriko zaie.

Badira orain arte bezala jarraituko duten zerbitzuak ere. Beira, esaterako, gaur egungo sistema berberarekin bilduko da, baita pilak, arropa eta sukaldeko olioa ere. Bolumen handiko hondakinentzat ere orain arteko bilketa sistemak jarraituko du, hilabetearen bigarren eta laugarren astearteetan.

Aipatutakoaz gain, hiru herrietako bizilagunek autokonposta bultzatzeko beharra ikusi dute, eta Udalek konpromisoa hartu dute autokonposta kanpaina martxan jartzeko eta lur-zorurik ez duenarentzat autokonposta komunitarioak egiteko bideak irekitzeko. Bestalde, denbora tarte bat pasa ondoren, autokonposta egin duenari hobariak eskainiko dizkiote Udalek.

Azkenik, hiru herrietan atez atekoaren inguruko informazio bulegoak ireki dira eta hezitzaileak jarri dira. Bertan bilketa sistema berriaren inguruko edozein kontsulta egin daiteke.

Zaldibia:

Zaldibian orotara16 bilera egin dira, batzar orokor batekin hasi eta bukaera emanaz eta tartean eremu eta sektore ezberdinekin bi bilera erronda eginez, hala nola, gazte, denda, taberna, elkarte gastronomiko, eskola, haurtzaindegi, guraso elkarte, gazteleraz, landa eremu, beheko auzoa, erdiko auzoa eta goiko auzoentzat.

Zaldibiako alkate Joxan Etxabe oso gustura agertu da parte-hartzeak eman duenarekin. Izan ere, parte hartzaile kopurua “positiboa” izan da bere esanetan. Guztira 620 pertsonak hartu dute parte, 251 gizon eta 369 emakumek, hain zuzen. “Oso pozik gaude herritarrek erakutsi duten inplikazioarekin. Gainera, bilerak oso emankorrak izan dira. Jendeak lasai hitz egin du, bai kezkak azaltzeko eta baita proposamenak egiteko ere. Ekarpen horiek, gainera, kontuan hartu dira eta horren emaitzak ari gara gaur aurkezten”.

Oro har, hiru herrietan hartu diren erabakiez gain, Zaldibian, zehazki, etxe-bloke bakoitzak urtarrilaren 17rako Udalari edo herrirako jarri den hezitzaile Lide Aristegi adierazi beharko dio edukiontzi komunitarioa nahi izanez gero. Bestalde, bi bilketa gune jarriko dira landa eremuko bizilaguntzat: bat Biloren eta bestea Tejerian.

Azkenik, egun berezietan, jaietan adibidez, ordutegia aldatuko da. Bandoz jakinaraziko da eta goiz edo eguerdi aldean egingo da bilketa. Beharrezkoa ikusiko balitz, errefortzuak jarriko lirateke egun horietan.
Atez atekoaren inguruko informazio bulegoa Zaldibiako Kultur Etxean dago astearte eta ostegunetan dago irekita 10:00etatik 12:30etara eta 18:00etatik 20:30etara. Ordutegi horren barruan Lide Aristegi hezitzailea bertan egongo da eta herritarrek edozein zalantza argitzeko aukera izango dute bertan. Horrez gain, herritarren eskura jarri da zaldibia@sasieta.org helbide elektronikoa eta 671 42 33 87 telefono zenbakia ere edozein kontsulta egiteko.

Legorreta:

Legorretan orotara 366 herritarrek, 185 emakumek eta 181 gizonek, hartu dute parte atez ateko bilketa sistema diseinatzeko prozesuan. Azaroaren 12an herriko hondakinen kudeaketaren inguruan Spora enpresak egindako azterketa eta proposamena aurkeztu ostean bilera irekian, 8 etxebizitzatik beherakoekin, 8 etxebizitzatik gorakoekin, landa eremukoekin, gazteekin, komertzioekin, eskolarekin, hirugarren adinekoekin nahiz gaztelaniaz dihardutenekin ere egin dira bilerak, guztira 14.

Legorretako alkate Bakartxo Mendez oso gustura agertu da parte-hartzearekin. Bere esanetan, bilera guztietan giro ona izan da eta orokorrean jarrera eta eztabaida oso irekiak eman dira: “Horrek bileran bertan aukera eman du parte hartzaile guztiek irizpide ezberdinak plazaratzeko, zalantzak eta kezkak argitzeko eta hainbat ekarpen eta proposamen egiteko”.

Aurrez aipatu diren erabakiez gain, Legorretan zehazki, etxe-bloke bakoitzak urtarrilaren 18rako Udalari edo herrirako jarri den hezitzaile Eli Perez adierazi beharko dio edukiontzi komunitarioa nahi izanez gero. Bestalde, bi bilketa gune jarriko dira landa eremuko bizilaguntzat: bat geltokian, eta bestea Berostegi ingurukoentzat Itsasondoko kamioien aparkalekuan. Bigarren hau, Itsasondoko bizilagunekin partekatuko da.

Azkenik, egun berezietan, jaietan adibidez, ordutegia aldatuko da. Bandoz jakinaraziko da eta goiz edo eguerdi aldean egingo da bilketa. Beharrezkoa ikusiko balitz, errefortzuak jarriko lirateke egun horietan.
Atez atekoaren inguruko informazio bulegoa Legorretako Udaletxeko pleno aretoan dago eta asteartetan eta ostegunetan dago irekita 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Ordutegi horren barruan Eli Perez hezitzailea bertan egongo da eta herritarrek edozein zalantza argitzeko aukera izango dute bertan. Horrez gain, herritarren eskura jarri da legorreta@sasieta.org helbide elektronikoa eta 671 42 55 60 telefono zenbakia ere edozein kontsulta egiteko.

Itsasondo:

Itsasondo izan zen lehena kontainer marroia jartzen, eta 2011ko uztailetik aurrera, zabor edukiontzia kendu eta, hein batean bederen, bilketa pertsonalizatu zen. Axier Garro alkatearen esanetan, azken hilabeteetan zaborren kudeaketan izugarri hobetu da herrian, eta itsasondoarrei egiten ari diren lana aitortu eta eskertu behar zaie: “Une honetan, gu gara, mankomunitate mailan birziklatze tasa onenak dituen herria eta etorkizunean ere horrelaxe izaten jarraitu nahi dugu. Beraz, atez ateko sistemaren bidez helmuga horretarako bidean beste urrats bat ematea tokatzen da orain”.

Beraz, beste bi herrietan baino laburragoa izan da parte-hartze prozesua Itsasondon. 9 bilera egin dira zonaldeka nahiz sektoreka herritarrekin atez ateko hondakinen bilketaren behin betiko diseinua nolakoa izango den erabakitzeko. Orotara 143 herritarrek, 80 emakumek eta 63 gizonek, hartu dute parte bileretan, hainbat gairen inguruan eztabaidatu, iritzia eman eta ekarpenak egiteko.

Itsasondon zehazki, etxe-bloke bakoitzak urtarrilaren 25erako Udalari edo herrirako jarri den hezitzaile Amaia  Ozaetari adierazi beharko dio edukiontzi komunitarioa nahi izanez gero. Betalde, bilketa gune bat jarriko da kamioen aparkalekuan (Berostegiko legorretarrekin partekatuko dena).

Atez atekoaren inguruko informazio bulegoa urtarrilaren 8an zabalduko da. Udaletxean egongo da eta astearte eta ostegunetan egongo da irekita 11:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara. Ordutegi horren barruan Amaia Ozaeta hezitzailea bertan egongo da eta herritarrek edozein zalantza argitzeko aukera izango dute bertan. Horrez gain, herritarren eskura jarri da itsasondo@sasieta.org helbide elektronikoa eta 671 42 34 07 telefono zenbakia.

Aurrera begirako urratsak:

Behin Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko herritarrekin atez ateko hondakinen gaikako behin betiko sistema nolakoa izango den erabakita, bilketa sistema berria martxan jartzeko hurrengo urratsak emango dira. Hasteko eta behin, beti betiko bilketa sistema nolakoa izango den adierazteko eskuliburua banatuko da etxe guztietara, eta horrekin batera, baita zein gai zein ontzitara bota behar den adierazten duen gida ere.

Horrez gain, edukiontziak erosi behar dira eta iristen direnean beroiek banatu. Banaketa nola egingo den jakinarazteko bandoak egingo dira. Gainera, bitarte horretan guztian informazio bulegoa zabalik izango da eta hezitzaileak edozein zalantza erantzuteko prest izango dira. Azkenik, kaleko gaur egungo kontainerrak kendu eta sistema berria jarriko da martxan. Kuboen banaketarekin nahiz bilketa sistema berriaren ezarpenarekin datozen hiru hilabeteetan hastea aurreikusten da.

LOTURAK:

Agerraldiko informazio guztia.

Agerraldiko argazki galeria.

Atzo Zaldibian burututako batzarreko informazioa.

Atez atekoa diseinatuta from GITB on Vimeo.