Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko hainbat eragilek deitutako itzalaldia gaur izango da, 22:00etatik 22:30era bitartean. Udalak, atzo burututako osoko bilkuran hala onartuta, ekimenarekin bat egin eta Santa Fe eta Artxanberri kaleetako argiteria itzaliko du gaur.
Argindarraren prezioa etengabe igotzen ari dela salatzeko Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko hainbat eragilek [ERC, EH Bildu, BNG, Junts, CUP, Més Per Mallorca eta Més Menorca] deitutako itzalaldiarekin bat egin du Zaldibiako Udalak. Deskonektatu Elektriketatik mozioa bozkatu zen atzoko ez-ohiko osoko bilkuran, eta EH Bilduren babesarekin onartu zen; EAJ abstenitu egin zen. Gaur, urriak 8 izango da itzalaldia, 22:00etatik 22:30era.
Adierazpenean jasotakoaren arabera, Zaldibiako Udalak honakoa adierazten du:
1. Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari direna, iruzur larria dela salatzen du.
2. Euskal Herriak burujabetza energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko.
3. Eusko Jaurlaritza interpelatzen dugu, arlo honetan lankidetza publiko komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin.
4. Zaldibiako Udalak datorren urriaren 8an, 22:00tatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta kazerola-jotzeko deialdiarekin bat egiten du.
Adostasunik ez
EAJ-PNVk ez du bat egin EH Bilduk aurkeztutako mozioarekin. EAJ-PNV-ko zinegotziek abstentziora jo zuten, eta beste mozio bat aurkeztu zuten bilkuraren amaieran bozkatu zena. Garai hartan “trantsizio energetikoa” kontzeptua erabiltzen ez bazen ere, Eusko Jaurlaritzak duela 40 urte Energiaren Euskal Erakundea bokazio horrekin sortu zela defendatu zuten. “Ordutik, Euskadik energia berriztagarriak, eraginkortasuna eta baliabide propioen aldeko apustua bultzatzen ditu, energia-eredu berri baterako trantsizio-prozesu horri aurre egiteko”. Haien esanetan, Euskadik energia-eskari handia du, eta, aldi berean, gutxi ekoizten du: “Euskadin gas propioa ez kudeatzeari buruz hartutako erabakiak gure energia-eskariaren prezioak gora egitea ekarriko du datozen hilabeteetan; izan ere, Araban daukagun gasa ekoizteari uko egin bazaio ere, EAEko familiek gasa kontsumitzen dute, eta, ondorioz, inportatu egiten da, horrek suposatzen duen ekonomia- eta ingurumen-kostuarekin”.
EAJk, “demagogia- eta amorru-diskurtsoak zabaltzeaz harago”, eskura dauden tresnak erabili behar direla defendatu du. “Irakurketa sinplista eta partzialetatik harago, eraikitzaileak izan behar dugu, eta ez ditugu baztertu behar ingurumen- eta energia-erronkari aurre egiteko bideak. Mota guztietako berriztagarriak (eta biltegiratze-soluzioak) areagotzea, parke eolikoak eta fotovoltaikoak barne, eta energia aurreztea funtsezkoak dira Euskadiren subiranotasun energetikorako bidean”.
Idatzi hau ez zen onartua izan, EH Bilduko zinegotziek kontra bozkatu baitzuten. Jarraian atxikita daude bi mozioak osorik.