Zer iritzi dugu Aralar Mendiari buruz?

Azkenaldian Aralarko pisten gora beherek harrotutako hautsak ikusirik, Zaldibiako Udalari egokitzen zaion arduraz, idatzi honen bitartez gure jarrera azaldu nahi genuke.

Enirio Aralar Mankomunitateko kide garenez, Goroskintxuko txaboletara irisgarritasuna bermatuko lukeen pistaren berri eman eta zenbait trazatu posible ezberdin mahai gainean ezarri zizkiguten. Egokienetako bat Zaldibiako herri lurretatik igaroko litzatekeenetako bat aurreikusten zen.

Momentu horretan, Zaldibiako Udalak, gaiak duela zenbait urte herritar ezberdinengan sortu zituen lixkar, tentsio eta egonezinak gogoan harturik, pista berri honen inguruko erabakia herriaren esku uztea proposatu zuen. Herri kontsulta egiteko denborarik eman gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaldibiako lurretatik igaroko zen proposamenari uko egitea erabaki zuen.

Gure harridurarako, Enirio Aralar Mankomunitateak gentilarri ingurutik abiatu eta aurrez aipaturiko Goroskintxu txaboletatik zehar, Alotza-Saltarriko mangaraiñoko pista berri baten proiektua aurkeztu zigun.

Guzti honen aurrean, Zaldibiako Udalak, Enirio Aralar Mankomunitatea osatzen dugun herri eta herritar guztion arteko adostasun eta oreka baten aldeko hautua egiten du.

Horretarako, alde batetik artzainek dituzten arazo eta bestetik herritar orok Aralar mendiaz duen pentsakera kontuta hartuaz, alternatiba guztiak lantzeko prestutasuna berresten dugu.


Unai Beloki Garmendia
INGURUMENA, BASO ETA LEHEN SEKTOREko zinegotzia
(Zaldibiako Udal Gobernuaren izenean)