Apirilaren 17an ospatuko den Aberri egunean parte hartzeko deia luzatu du Zaldibiako Udalak eta etxeetako balkoi eta leihoetan Ikurriñak zintzilikatzeko eskatzen die herritarrei.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Behe Nafarroa, Nafarroa Garaia, Lapurdi eta Zuberoako herritar guztiontzat ospakizun eta aldarrikapen egun handia da Aberri eguna.
Aurtengoan ere, banatzen gaituena albo batera utzi eta batzen gaituenari helduz, Zaldibiako Udalak Aberri egunerako antolaturiko ospakizunetan parte hartzeko deia luzatzen dizue herritar guztioi, horrekin batera etxeetako balkoietan Ikurriña zintzilikatzeko deia zabaldu nahi dugu.
Euskaldunok beti esan behar izan dugu zer ez garen, nor ez garen eta zergatik.
Heldu da garaia, Nor garen eta zer garen agertzeko!
Heldu da garaia izan nahi duguna, izaten hasteko!
Apirilaren 17an, ez ahaztu Ikurriña jartzea etxeko balkoian.
Zaldibian, 2022ko apirilaren 13an.