Alarma egoera amaituta, hemen da “normaltasun berria”

Gaurtik aurrera Hego Euskal Herria “normaltasun berria” izendatu dutenaren baitan dago. Pasa den ostiralean EHAA argitaratutako erabakiak zehazten du nolakoa izango den normaltasun berri hori. Jarraian duzue informazio osoa.

Covid-19aren zabalpena ekiditeko ezarri ziren muga gehienak kendu dira Alarma Egoera indargabetzean. Hala ere, gaitzaren aurkako txertoa izan arte behintzat, geratzeko etorri dira hainbat neurri eta gomendio. Nagusienak, hauek: pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia eta musukoa (maskarilla). Ikusgai dago gaitzak zein bilakaera izango duen eta berriro neurri murriztaileagoak hartu behar izango diren. Albistearen amaieran duzue EHAA osoa, neurri orokorrak eta arlo bakoitzari dagozkionak biltzen dituena. 

Hala, hemendik aurrera, orain artean bezala edo are gehiago, funtsezkoa izango da norbere ardura, baita babes eta higiene neurriak hartzeko ohiturei eustea eta beharrezko kasuetan hauek indartzea ere. Gogoan izan dezagun, norbera babestea ingurukoak babestea da.

Zaldibiako Udal gobernuak, normaltasun berriari ekin diogun honetan, lau lan-ildo nagusitan jardungo du:

  1. Azken hiru hilabeteek herritarrengan eta herrian utzi dituzten ondorio sozial, psikologiko, ekonomiko eta mota askotarikoak arintzeko lanean jarraitzea, batez ere zaurgarrien diren kolektiboekin.
  2. Orain arte mugatuta egon diren zerbitzuen eta baliabideen irekiera antolatu, eta eraikinetan eta eremu publikoan ezarri beharreko jarraibide eta protokoloak lantzea, osasun irizpideak aintzat hartuz.
  3. Konfinamendu garaian martxan jarritako zerbitzu eta lanen balorazioa egitea, eta posible bada hobekuntzak lantzea, berriro ere halako egoerak suertatuko balira ere prest izateko.
  4. 2020rako jarritako erronka eta helburuak ber-hartzea, egoerara moldatzea eta pixkanaka hauek lortzeko lanean jarraitzea.

Beraz, gutariko bakoitzaren ardurari azpimarra jarriz, ea egoera berri honetara egokitzen asmatzen dugun denon artean.

ZUKATI TA DANOKATI!