Amatasunak, gurasotasunak eta beste ahaidetasunak

2021eko udazkenean, Berdintasun lan-arlotik Emagin elkartearekin elkarlanean “Zaintzaren demokratizazioa” dinamika jarri genuen martxan. Honen baitan antolatu ditugu Udaberriko zaintza ibilbideak, eta jarraian irakur ditzakezue lehenengo ibilaldiaren kronika eta bigarrenerako gonbita.

 

Emagin elkarteak bideratuta eta hainbat herritarren, Aske talde feministaren, Etxekonekok elkartearen eta Guraso elkartearen konpromezu eta ekarpenarekin aurrera atera ditugu, asteazkenean egin genuen ibilbidea eta hurrengo larunbatean, ekainaren 3an, egingo duguna.

Ibilaldi hauen xedea, gaur egungo zaintza ereduaz hausnartzeko eta aurrera begirako alternatiba eta urratsak pentsatzea eta ahal den heinean egikaritzea da.

Asteazkeneko saioan, “Amatasunak, Gurasotasunak eta beste ahaidetasunak” izan genituen hizpide. Emagineko Mirenek eta Ainarak dinamizatutako ibilaldi honi, Parean elkarteko Oihanak eman zion hasiera. 2022an, 150 emakume oinarri hartuta egindako ikerketa baten berri eman zuen, bertan ateratako ondorioak azalduz. Gehien harritu gintuen ondorioetako bat, emakumeen %51k, ama izateko presioak jasan izan zituela onartu zuela izan zen, besteak beste. Gogoeta eta iritzi trukaketa asko egiteko aukera eman zuten Oihanak plazaratutako ondorioek.

Ondoren, herritarren esperientzien tartea etorri zen, herrian zeharreko ibilbideari hasiera emanez.

Lehenik, Danielak bere esperientzia kontatu zigun, tamalez, atzerritar emakume askok pairatu duten errealitate bat da Danielarena. 2008an bere herria, bere familia eta ingurunea utzi eta bere bizitza, Europear zurien zaintzara bideratzeko hautua egin zuen. Bere seme-alabak hona ekartzeko egin behar izan zituen tramite eta jartzen zizkieten exijentzia guztiak aipatu zizkigun.

Sistema kapitalista honek funtzionatu dezan, zapaldu eta ustiatu diren herrialdeetan bizi direnei eta batez ete emakumeei, ez zaie besterik geratzen bizitzan aurrera egin ahal izateko, herrialde horietatik alde egitea baino. Eta bestetik, emakume hauek dira, hemengo zaintza sistema sostengu. Oraingo instituzioetatik ez dagoelako ez interesik, ez planteamendurik zaintza sistemari alternatiba emateko.

Eskola atarira hurbildu ginen eta bertan Ustaritz eta Katrinek beraien bizipenak azaldu zizkiguten. Osakidetzaren aldetik jaso zituzten mespretxuak eta profesionalek zuten ezjakintasuna aipatu zituzten, baita ere, gizartearen aldetik jasotako begirada eta komentario mingarriak edota ekonomikoki suposatu zuena, amatasuna ia pribilegio bilakatuz.

Bukaera emateko, plazara bueltatu ginen eta bertan ondorioak atera genituen:

  • Arratsalde honetan gehien aipatutako hitzetako bat izan zen “ahizpatasuna”. Emakumekok, gizarteko sektore askorengandik, epaituak izaten gara eta honek kulpa sentipen bat sortzen digula komentatzen genuen. Egoera hauek irauli behar ditugu, “ahizpatasuna” babes izanik eta elkar babestuz.
  • Zaintza komunitarioa edo “tribuaren zaintza” zein garrantzitsua den ondorioztatu genuen, emakumeok guregain hartzen ditugun zaintza lan zamak arintzeko. Hala ere, beti ez da erreza “zaindua izaten uztea”, eta honen inguruan hausnarketa sakonago bat egin beharrean gaudela uste dugu.

Azkenik, makudutxo bat egiteko aukera izan genuen eta gaia beste era batera sakontzen aritu ginen.

Honekin, hurrengo larunbatean, ekainaren 3an, “Nolako zahartzaroa nahi dugu?” ibilbidean parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu. Asko geratzen zaigu zaintzaren inguruan lan egiteko, gu ari gara eta jarraituko dugu. Izan ere, Zaintza lanei balio sozial eta politikoa ematea ezinbestekoa da dugun sistema iraultzeko eta denon ardura da gure aletxoa jartzea.