Urtero festetan egiten duten moduan, bihar (asteartea) hasiko dira barrakak eskola ondoko parkinean kokatzen. Honek dagoeneko nahiko korapilatsua den aparkalekuen kontua are gehiago tentsionatuko duela aurreikusi dezakegu. Horregatik eskatzen diegu garaje jabeei enpatiaz jokatzeko eta beraien ibilgailuak garajeetan sar ditzaten, gainontzeko herritarrei gauzak errazte aldera.
Bihartik hasita, eta aste pare batez, eskolako aparkaleku eremuaren azalera haundiena haurrentzako barrakek hartuko dute. Honek azalerako aparkalekuen kopurua mugatuko du herri mailan, egunerokoan dagoen aparkatzeko arazoa areagotuz. Egoera honen aurrean, hurrengo egunetan, baina baita bestela ere, Zaldibiako udalak eskaera bat egin nahi die garaje jabeei: Ahal dela, eta beste bizilagunei gauzak errazte aldera, sar itzazue zuen autoak garajeetan.
2023an Mugikortasun Jasangarriko Plana idatzi zen garaian egindako azterketaren arabera herrigunean aparkaleku gehiago dago kotxeak baino.
| Kaleko aparkalekuak | 357 |
| Orubeen barruko aparkalekuak | 542 |
| Guztira | 899 |
| Auto kopurua herrigunean | 736 |
| Superabita | +161 aparkaleku |
Honek esan nahi du ia %22 aparkaleku gehiago dagoela kotxeak baino. Jakina da garaje batzuk dagoeneko ez daudela erabilgarri, izan trasteleku gisa erabiltzen direlako edo jabeek auto haundiegia dutelako bertan sartzeko. Era berean, egia da, herri gunetik kanpoko herritarrak ere hurbiltzen direla erdialdera. Baina hala ere, superabita esanguratsua da.
Denoi dagokigu arduraz jokatzea gai honekin eta udala ere aparkaleku berriak sortzeko lanetan ari da, baina ez da erraza, denok dakigun bezala espazioa mugatua baita.