Arastortz mendian sortu den sutearen inguruko oharra

Gaur goizeko 11:00k inguruan bizilagunek jakinarazi dute Arastortz mendiaren inguruan sua zegoela. Gaur arratsaldean momentu zailak bizi izan dira Ataungo hainbat baserri ingurura gerturatu delako sua eta oraindik haizeak eraginda gaua luzea izango da.

Zaldibiako Udalak egoeraren inguruan jasotako informazioa helarazi nahi die herritarrei.

Gaur arratsaldeko 20:30ean sua orokorrean mugatuta eta egonkortuta zegoela jakinarazi digute larrialdi zerbitzuek. Hala ere, lurrez iritsi ezin diren gune batzuetan sua aktibo mantentzen zela.

Azken ordu honetan, ordea, haizeak eraginda sua bizitu egin dela jakinarazi digute Kobaegiko bizilagunek. Suhiltzaileek bertan dihardute eta lanean jarraituko dute ondorengo orduetan ere.

Sua dagoen eremuari dagokionez, argitu nahi dugu Enirio Aralar mankomunitateko lurretatik kanpo egonagatik ere Aralarko Parke Naturalaren barruan dauden lurrak direla.

Gainera, adituen esanetan pertsonentzat nahiz abereentzat irisgarria ez izatea medio, eremu basatia da, natur balio handiko gunea.

Zaldibiako Udaletik harreman bidea eta eskura ditugun baliabideak eskaini dizkiegu larrialdi zerbitzuei eta aldi berean sua ahalik eta azkarren itzaltzeko bitartekoak jartzeko eskaera egin diegu.

Herritarrei gogorarazten diegu, Segurtasun sailak alerta laranja iragarri duela baso sute arriskua medio, hori dela eta sua egitea nahiz parrilak piztea debekatuta dagoela jakinarazi du Aldundiak.

Zaldibian, 2022ko ekainaren 18an.


2022 Sutea Arastortz mendian

 

20220619-1030-Sutea Arastortz -bideo3 kobaegi