Espainiako Gobernuak BOEn eta Eusko Jaurlaritzak gaur EHAAn erabakitakoak oinarri hartuz, jarraian dituzue maiatzaren 25etik aurrera izango diren aldaketa nabarmenenak.
Maiatzaren 25ean hasi eta gutxienez ekainaren 7ra arte, 2. fasea deitu zaionari ekingo diogu. Hauek dira gauerditik indarrean sartuko diren neurriak:
ORDUTEGIAK
- GIPUZKOA BARRUAN mugitu ahal izango gara, baita aisialdirako ere.
-Zaldibian lehen ere ez genituen, baina herri handiagoetan zeuden ORDUTEGIAK DESAGERTU egingo dira, eta haurrek ez dute izango kalera ateratzeko ordubeteko muga.
-70 urtetik gorako herritarrek lehentasuna izango dute 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara leku publikoetan.
HARREMAN SOZIALAK
-Norberaren etxetik kanpo bizi direnekiko harremanetan bi metroko segurtasun distantzia gordetzen jarraitu behar da, eta eskuak garbitzeaz gain, distantzia hori mantendu ezin denean, maskara erabili ere bai.
- Gehienez ere 15 LAGUNEKO FAMILIA- ETA GIZARTE-BILERAK egin daitezke, etxebizitzetan eta lokal pribatuetan edo jendearentzat irekita dauden guneetan, osasun-agintariek ezarritako babes pertsonaleko eta distantzia fisikoko arauak errespetatuz betiere.
-Mendi bueltak gehienez hogei pertsona arteko taldeetan egin ahal izango dira, eta aldez aurretik antolatuak izan beharko dute.
-Elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, segurtasun neurri batzuk betetzen badira eta edukieraren %50ean gehienez.
-Kongresuak, topaketak, bilerak eta konferentziak baimenduta egongo dira, izan publikoak edo pribatuak. Horietarako aretoak prestatuko dira.
-Ezkontzak nahi diren tokian egin ahal izango dira, izan publiko edo pribatu, baina edukieraren erdiarekin gehienez. Aire zabalean gehienez 100 pertsona elkartuko dira, eta toki itxietan, 50. Segurtasun distantzia eta osasun arauak mantendu behar da.
-Beilatokietan eta ehorzketetan aire zabalean 25 pertsona arte elkartu ahal izango dira; leku itxietan, berriz, gehienez hamabost.
-Elizetan edukieraren erdia beteko da gehienez, eta kopuru hori atean argi erakutsi beharko da. Elizaren barruan bi metroko segurtasun distantzia mantendu behar da.
SALTOKIAK
-Saltoki txiki guztiak ireki ahal izango dira, euren eremua dena delarik, edukieraren %40arekin. Bezeroen artean bi metroko distantzia mantendu beharko da, eta ez bada posible, banaka sartu beharko dute. 65 urtetik gorakoei lehentasuna emango dien ordutegi bat izan beharko dute. Beherapenak egin ahal izango dituzte, baina beti ere jende pilaketak saihestuz.
-Kaleko azokak baimenduta daude, baina edukiera mugatuz, bezeroen artean segurtasun distantzia mantentzeko. Bezeroek ezingo dituzte salgaiak ukitu.
-Merkatalguneek ateak ireki ahal izango dituzte, eremu komunean edukieraren %30arekin eta saltokietan, %40arekin.
HEZKUNTZA
-Hezkuntza zentroak ireki ahal izango dira DBH4n, batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Hizkuntz eskolak, akademiak eta autoeskolak ere ireki ahal izango dira, edukieraren heren batekin eta on-line bidezko formakuntza lehenetsiz.
OSTALARITZA
-Taberna eta jatetxeek barruan ere zerbitzatu ahal izango dute, edukieraren %50arekin. Diskotekak eta gaueko tabernak itxita egongo dira. Lokalaren barruan eserita zerbitzatuko zaie, bezeroek ezingo dute barran eskatu.
-Etxera eramateko janaria eta edaria eskatu daiteke.
-Terrazek edukieraren erdia izaten jarraituko dute, eta aurrez ezarrita dauden baldintzak bete beharko dituzte.
Zaldibian Arrese jatetxea eta Zelaa Hotela irekita daude dagoeneko eta datorren astetik Beti Gazte eta Illati-k ere ateak irekiko dituzte, aurrez zehaztutako baldintzekin eta prebentzio-neurriak betez. Herritarrei ostalarien jarraibideak errespetatzeko eskatzen dizuegu.
EGOITZAK
Berriro bisita egin ahal izango zaie tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetan eta adinekoentzako egoitza-zentroetan bizi diren pertsonei, eta egoiliarrek ibilaldiak egin ahal izango dituzte, foru-aldundiek maiatzaren 16ko SND/440/2020 Aginduaren 20. artikuluan ezarritakoaren esparruan ezartzen dituzten egutegiari eta arauei jarraiki.
KULTURA
-Liburutegiak, erakusgelak eta monumentu multzoak ireki ahal izango dira, beti ere edukieraren %30arekin eta segurtasun baldintzak bermatzen badira. Zaldibiako Udal Liburutegian mailegu zerbitzua martxan dago, baina aurrez aurreko arreta ekainaren 1etik aurrera emango da.
- Museoak ireki ahal izango dira edukieraren %50ean.
-Zinema, antzoki eta auditorioak ireki ahal izango dira, baina eserlekuak aldez aurretik zehaztuta egon beharko dute. Kultur ekitaldiek edukieraren %30 izango dute, eta ezingo dira 50 pertsona baino gehiago elkartu; aire zabalean, ezingo dira 400 pertsona baino gehiago bildu.
KIROLA
-Kirol ezberdinetako Liga profesionalak ateak itxita hasiko dira.
-Lehiatzen hastear diren kirol klubetako eta elkarte anonimoetako kirolariek elkarrekin entrenatu ahal izango dute, gehienez hamalau pertsona batera.
-Profesionalak ez diren ligetan aritzen diren klubetako kirolariek klubaren azpiegiturak erabili ahal izango dituzte, baina lan saioak banaka egingo dituzte.
-Estalita dauden kirol azpiegiturak ireki ahal izango da, edukieraren %30arekin. Goi mailako kirolariek, profesionalek eta federatuek erabili ahal izango dituzte, aurretik hitzordua eskatuz, Zaldibiako kasuan Kultur Etxean.
IGERILEKUAK - HONDARTZAK
-Aire zabaleko eta estalita dauden igerilekuak kirola egiteko ireki ahal izango dira, edukieraren %30arekin. Aisialdirako ere ireki ahal izango dira igerilekuak, edukieraren %30arekin.
-Hondartzetan bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da. Dutxak eta aldagelak banaka erabili ahal izango dira. Hondarretan bi metroko tartea utzi beharko da toallen artean, etxe berean bizi direnen artean izan ezik eta hamabost pertsona baino gutxiagoko taldeen kasuan izan ezik. Kirol eta aisialdi jarduerak baimenduta egongo dira segurtasun tartea mantentzen bada.
Ororen gainetik, kontuan izan ditzagun segurtasun eta higiene neurriak: 2 metroko distantzia etxekoak ez direnekiko eta eskuak maiz garbitzea. Gomendagarria musukoa edo maskarila erabiltzea jendearekin egon behar garenean.
Gogoratu, arauak eta legeak tarteko, baina aurrean duguna oso kutsagarria den gaitza den gaitza dela, eta hori buruan izanik jokatzea eskatzen dizuegu Udaletik. Denok batera honi aurre egitea gutako bakoitzaren esku dago hein handi batean. Ez dadila alferrik izan orain arte lortutakoa.