Astelehenetik aurrera ezingo da udalerritik atera, gehienez 4 laguneko juntaizoak burutu ahalko dira ostalaritzan, kalean nahiz etxean. Kirol jarduera guztietan nahitaez erabili beharko da musukoa uneoro. Jarraian duzue plazaratu duten agindua eta bertan aurkituko dituzue xehetasunak eta salbuespenak.
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.
Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 2. artikulua. Honela idatzita geratuko da:
1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio.
2.– Nolanahi ere, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egiten diren joan-etorriak baimenduko dira, behar bezala justifikatuta badaude.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.
4.– Era berean, mugatu egiten da bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, aurreko atalean aurreikusitako salbuespenekin. Salbuetsita daude, era berean, baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak.
5.– Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak bere erantzukizunpean adierazten duen betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helburuari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren betekizunak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak.»
Bigarrena.– Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea.
Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 3. artikulua. Honela idatzita geratuko da:
1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan –itxietan nahiz aire zabalekoetan– eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona-taldeen mugari. Gehienez ere lau laguneko taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak. Nolanahi ere, gomendatzen da ez egitea bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko bilera edo topaketarik, batez ere barne-eremuetan.
2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen zaizkienak ere.»
Hirugarrena.– Prebentzio-neurri espezifikoak.
Dekretu honen aurretik hartutako neurriak, eranskin gisa jasotakoak, indarrean mantentzen dira eta aplikatuko dira, eta ondoren ezartzen diren neurri berriak txertatuko dira:
Aldatu egiten da eranskinaren 9. ataleko 3. puntua, eta honela geratzen da idatzita
«3.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek, berriz irekitzeko gaituta badaude, aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta gehienez ere edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko erabilgarritasuna izango dute barruan. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da, nolanahi ere. Mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira lau pertsona baino gehiagokoak izan, eta ezin izango dira bi mahai edo gehiago elkartu pertsona-kopuru handiagoko talde batentzat. Berariaz gomendatzen da establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ez ikustea.
Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta horien inguruan ez erretzea.»
KIROLA
«Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.»
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan zein abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta haren aldaketetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, neurriok egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek 2021eko urtarrilaren 25eko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.