Aurten ere, ez da herriko jairik ospatuko Zaldibian

Ostiralean burututako udal herri batzarrean, bertan bildutako herri eragileekin elkarbanatutako hausnarketaren ondorioz, aurten ere ez da Santa Fe jairik ospatuko Zaldibian. Horren ordez, iraila eta urrian zehar hainbat ekitaldi eta ikuskizunen agenda zabala antolatzen hasi dira udala eta eragileak elkarlanean.

Pasa zen urtean bezala, aurten ere jaien inguruan egoerari buruzko hausnarketa partekatu eta iritziak biltzeko helburuz antolatu du Zaldibiako Udalak herri batzarra. 

Egoera ez da 2020ko berdina. Hor dugu txertaketa kopuru altua, gizartearen nekea eta normaltasun egarri handiagoa, baita ez-festen fenomenoa ere, uda honetan bereziki kezkagarri bilakatu dena.

Egoera ez da 2019ko berdina ere. Birusa gure artean da, bere bilakaera zein izango den jakiteko goiz da oraindik eta indarrean dauden neurriek ohiko festak egitea eragozten dute. Neurri hauek badirudi irail bukaeran malgutu daitezkeela aforo eta ordutegiei dagokionez, baina beste askok momentuz jarraitu egingo dutela espero da.

Egoera hau izanda, aurten OHIKO FESTAK EGITEKO BALDINTZARIK EZ DAGOela baloratu da. PANDEMIA GELDIARAZTEKO INDARREAN DIREN ARAUEK, JAIAK ANTOLATZEKO BALDINTZARIK EZ DUTE UZTEN.

Iaz bezala, iraila-urrian zehar garatuko litzatekeen ekitaldi agenda osatzea proposatu die udalak eragileei. Festen diru partida horretara bideratuz, eta herritar eta eragileen elkarlanarekin kontatuz.

Urriaren 5etik 12ra artean, ekintza zehatzen bat salbu, ez da ekitaldirik antolatuko ezta antolatzeko baimenik emango ere. Arrazoia nabarmena da: aurreikus daitekeen ez jaien fenomenoari ateak itxi nahi dizkiogu, ez dugu elikatu eta areagotu nahi.

Izan ere, ingurura begiratuz, auzo edo herri oso txikien kasuan ekitaldi kulturalen agenda festa egunak izango liratekeen egunetan kokatu dute (Gabiri, Gaztelu, Altzo,...). Gure herriko festen tamaina direnetan, ordea, ez da bideragarria ikusten aukera hau. Hor ditugu Segura, Zegama, Ibarra edota Zestoako kasuetan izan diren gertaerak.

2022an pandemiaren zama ez izatea espero dugu, baita festez eta festa ereduez hitz egin, antolatu eta gozatzeko aukera izatea ere.

Agenda zabala proposatu da eta hainbat ekarpen lantzen hasi da udala eragileekin. Proposamenak lantzen jarraitu eta ekarpenak jasotzeko ardura hartu du Kultura Sailak eta ostiralean beste bilera bat egitekotan geratu gara.