Auzo konpostgune berriak eraikiko dira herrigunean, 100 famili baino gehiagok eman dute izena

Aurreko astean bizilagunekin egindako bileren ondoren hasi dira martxan beste bi auzo konpostgune eraikitzeko lanak. Lehena, Artxanberri kalean (Estankoren atze aldean) eta bigarrena, Olaldeko parkeko sarreran (Ibai-Ondo etxeen atzealdean).  Bestalde, gaur inauguratu dute eskolako konpostagailua bertako ikasleek udaleko eta Sasieta mankomunitateko ordezkariekin batera.

 

Bi konpostgune berri egiteko lanak martxan

Bi gune berrirekin (Artxanberrin-estanko atzean-, eta Ibai-Ondon) herri-gunean hondakin organikoa konpostatu nahi duten herritarren eskaerari erantzutea espero da. Dagoeneko 100 baino gehiago dira Zaldibian auzo konpostaren bidez beraien hondakin organikoa herrian bertan kudeatzeko eskaera egin duten bizilagun eta familiak.

Gaur eraikitzen hasi diren bi konpostguneak, urtea amaitu baino lehen martxan izatea espero du Udalak. Urte hasieran sortze bidezko hobarietan oinarrituriko hondakin tasan hobari nabarmena (%8koa) izango dute konpostaren aldeko hautua egiten dutenek.

 

Lardizabal eskola ikasleek inauguratu dute konpostgunea

Gaur goizean Zaldibiako Udal ordeakariek lagundurik eta Sasietako teknikarien gidaritzapean inauguratu dute eskola ondoan kokatuta dagoen konpostgunea. Gela guztietako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian eta bertan plazaratu dituzte hartutako konpromisoak.

  • Hondakin organikoak, orain arte bezala, beti ontzi marroietara botako ditugu
  • Hemendik aurrera  konpromisoa hartzen dugu eskolan sortzen den hondakin organiko guztia  konpostagailu honetara ekartzeko
  • Ikasleak arduratuko gara hondakinak ona ekartzeaz
  • Gaur hemen gaudenok gure gelakideei edo gaur etorri ez direnei honen berri emango diegu. 
  • Ikasle zaharrenek txikiagoei erakutsiko diegu 
  • Konpostagailua zainduko dugu eta edozein zailtasun edo zalantza dugunean udal langileekin harremanetan jarriko gara

Zaldibiako Lardizabal eskolako konpostgunearen aurkezpena

Zaldibiako Lardizabal eskolako konpostgunearen aurkezpena

Zaldibiako Lardizabal eskolako konpostgunearen aurkezpena