Azaroaren 25a, “Emakumeen* kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” da. Zaldibiako Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako 18:00etan Zaldibian deitutako elkarretaratzearekin. Azaroaren 24an burututako osoko bilkuran ondorengo adierazpena onartu zen EH Bilduren aldeko 5 boto eta EAJ-PNVren aurkako 3 botorekin.
ZALDIBIAKO UDALAREN ADIERAZPENA
AZAROAK 25, EMAKUMEEN* KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Azaroaren 25a, “Emakumeen* kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” da. Emakumeen* aurka burutzen den indarkeria mota oro onartezina dela aldarrikatzeko eguna; baita, indarkeria guzti hori sortzen eta mantentzen laguntzen duten eragile eta egitura matxista guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna ere; eta herritarrengandik gertuen gauden erakunde publikook horren kontra borroka egiteko konpromezuak hartzekoa ere bada.
Tamalez, indarkeria matxista ez da urtean egun bakarrean gertatzen den zerbait, une oro emakume* guztiek, salbuespenik gabe, jasaten duten egiturazko kaltea baizik. Egun seinalatu honetan ahotsak altxatzen baldin baditugu ere, egunerokotasunean jardun behar dugu indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzioan, kontzientziazioan, sentsibilizazioan, ezagutzan, identifikazioan, arretan, laguntzan eta justizian lanean.
Indarkeria matxistak eragin zuzena emakumeengan* badu ere, askotan haien gertuko pertsona maitatuenengan ere izaten du, min handiagoa sortzeko modu gisa erabiltzen baita. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.
Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez, baina hala ere, seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea garrantzitsua da.
Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:
1.- Indarkeria matxistaren errealitate anitzei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren programak/neurriak/zerbitzuak martxan jartzea edota indartzea.
2.- Horretarako, 2022ko aurrekontuetan arlo hauetara bideratutako partidetan murrizketarik ez egitea eta beharrezkoak diren partidak handitzea.
3.- Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea.
4.- Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzea emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
5.- Herriko norbanako zein talde feministarekin elkarlanean, herrian indarkeria matxistak dauden kasuetarako herri-protokoloa diseinatu eta indarrean jartzea.
6.- Udaleko langile eta ordezkariek berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileek.
7.- Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jarduerak antolatzen jarraitzea, besteak beste ondorengo gaietan: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitatea…
8.- Nerabeei eta gazteei zuzendutako formazio jarduerak egiten jarraitzea emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena edota maskulinitate ereduak lantzeko, …
9.- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen* erreparazio eskubidea lantzeko egungo egoerari egokitutako jarduerak martxan jartzea.
10.- Zaldibiako Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berrestea, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean. Bat egitea mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin.
Herritarrei eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezaten.
Zaldibian, 2021eko azaroaren 24an
Zaldibiako Udalak osoko bilkuran onartutako adierazpena.
EH Bilduren aldeko 5 boto eta EAJ-PNVren aurkako 3 botorekin.