Bihar, amaiera emango zaio osasun larrialdiari

2021eko urriaren 5ean larrialdi egoeraren amaiera iragarri du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lehendakariak komunikabideen aurrean. LABIren azken batzorde bileraren ondotik, ostegunean indarrean dauden neurri gehienak bertan behera geratuko direla jakinarazi du.

Hauek izango dira indarrean jarraituko duten hiru neurri nagusiak komunikabideetan plazaratu denez:

  • 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietan antolatutako ekitaldietan % 80eko mugari eutsiko zaio.
  • Maskara erabili beharko da barnealdeetan; baita ere kanpoaldeetan, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean.
  • Ekitaldietan jateko eta edateko debekua, barrualdeetan zein kanpoaldeetan.

Ostegunean bertan behera geratuko diren murrizketak komunikabideetan plazaratu denez:

  • Gainerako edukiera eta ordutegi mugak bertan behera geratuko dira. Ohiko ordutegiak mantenduko dira indarrean.
  • Pertsona taldeek ez dute kopuru mugarik izango
  • Tabernetako barran kontsumitzeko aukera izango dute bezeroek, eta ez da aforo mugarik izango ostalaritza, merkataritza eta kultura ekitaldietan, aipatutako kasuan salbu.
  • Kontzertuak zutik disfrutatu ahalko dira
  • Gazte lonjak eta lokalak berriz ireki ahalko dira

Hau honela izanik, Zaldibiako Udalak antolatuta duen udazkeneko agendari eutsi egingo dio eta baldintza berrietara egokituko dira ikuskizunak.

Honek esan nahi du antolatu diren kontzertuetan eta ikuskizunetan, maskararekin bada ere, zutik egon eta dantza egiteko aukera izango dugula. Aforo murrizketarik gabe antolatu ahalko ditugula ikuskizunak.  

Orain artekoak erakutsi digu trantsizioa patxadaz egitearen garrantzia zein handia den. Garbi dugu Koronabirus gaitzaren agerraldiak egon litezkeela eta hauek gertatuko balira egoeraren baitan egokitzen asmatu beharko dugula.

Horregatik asteburu honi begira zentzuz eta neurriz jokatzeko deiari eusten diogu eta udazkeneko agendan parte hartzeko gonbitea luzatzen dugu.

UDAZKENEKO AGENDAN ALDAKETAK

Egoera berriak suposatuko duten aldaketez gain, badira agendan ekitaldi aldaketa nabarmenak. Garrantzitsuena urriaren 16an UR dantza ikuskizuna bertan behera geratu da partaide batek min hartu duelako eta ordezko gisa Liher taldearen kontzertua izango da 19:30ean.

Ekitaldietarako sarrerak urriaren 13an jarriko dira eskuragarri Karreane kultur etxean. Lehen bi egunetan herrikoek izango dute lehentasuna eta ondoren gainerakoek.

Zaldibian, 2021eko urriaren 6an.