Asteburuan erosketa bonoak eskuratzeko aukera izan dute herritarrek. 1. edizio arrakastatsuaren ondoren, bigarrena atera du Zaldibiako Udalak eta saldu ez diren bono aleak Udaletxean eskuratu ahal izango dituzte herritarrek bihartik aurrera.
Erosketa bonoen helburua herriko ekoizle, komertzio eta ostalaritza sustatzea da. Herritarrei zerbitzua eta herriari bizitza ematen diote eta denon esku dago beraien jarraipena bultzatzea. Horregatik, ekimen honetan herritarrak dira lehen protagonista. Udalak diru-laguntza herritarrei ematen die bono bidez eta herritarrak dira gero herriko ekoizleen produktuetan, ostalaritzan eta komertzioetan hazi hori jartzen dutenak.
Hala, bi helburu nagusi lortzen dira: herritarren ekonomiari laguntzea eta herrian eros dezaten bermatzea. 20€an 30€ eskuratzen ditu herritarrak eta 40€an 60€, guztiak 10€ko bonoetan, urtea amaitu aurretik gastatzeko baldintzarekin. Hemen aurki dezakezue informazio osoa.
Asteburu honetako salmentan 504 sorta saldu ondoren, 96 sorta geratu dira eskuragarri eta astelehenetik aurrera Udaletxeko harreran eskuratu ahal izango dituzue. Txartelez ordaintzeko aukera dago.
Mondeju pintxorako bonoak ere Udaletxean izango dira eskuragai. Euro 1ean pintxo bat izango duzu herriko tabernetan dastatzeko.
JARRI ZURE HAZIA!