Egitarau berezia antolatu da aurten Inauteriak ospatzeko

Ostiralerako ekintza sorta antolatu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean, arratsalde hasieratik gauera arte luzatuko dena. Haurrek zein adin guztietako zaldibitarrek parte hartzea dute helburu.

 

Garai batean, inguruko herrietan Txantxo izeneko pertsonaiak ateratzen ziren Inauterietan, eta baserriz baserri joaten ziren kantuan txistuaren doinua lagun zutela. 1936ko gerraren ondorioz galdu egin zen ohitura, baina jakin da Zaldibiara ere etortzen zirela Txantxoak Lazkaomenditik eta Abaltzisketatik.

Azken urteetan, "Ostiral mehe" egunez ospatu izan dituzte haurrek Inauteriak Zaldibian. Lardizabal Eskolaren eta Guraso Elkartearen ekimenez, arratsalde hasieran egin izan da jaia. Aurten, ordea, herriko hainbat eragile bildu dira, herrian Inauteriak indartzeko asmoz, eta egitarau zabala antolatu dute otsailaren 28rako, ostirala. Eguraldiak lagunduz gero, plaza inguruan izango da festa: eskolako jaialdia, txokolatada, haurrentzako jolasak musikaz girotuta, Goiztiri txaranga eta buruhandiak, ogitarteko afaria, DJ Haitzuloren emanaldia eta beste hainbat sorpresa antolatu dira. 

Gaztelekuko gaztetxoen ekimenez sortu da Inauteriak herrian indartzeko egitasmoa, eta lortu dute gainontzeko eragileek ere bat egitea. Hasieratik, adin guztietako zaldibitarrak festara batzea izan dute helburu, eta ostiralean plazara gerturatzeko deia luzatu diete. Gainera, herritarrak mozorrotzera animatzeko, mozorro eta osagarrien kutxa ere jarriko da ostiralean plazan. Horretarako, herritarrak erabiltzen ez dituzten mozorro eta osagarriei bizia emateko, herritarrek etxean dituzten mozorro eta osagarrien bilketa egin zuten atzo Gaztelekuak eta Guraso Elkarteak.

Bestalde, ostiralean Ogitarteko Afaria egingo da Inauterietako egitarauaren baitan, eta antolaketa errazte aldera, parte hartu nahi dutenek ostegunean 19:00etarako egin beharko dute beren eskaria, honako telefono zenbakira deitu edo idatzita: 679655349. Pertsonako 10€ kostako da afaria, eta prezioaren barruan sartuko dira ogitartekoa, edaria eta postrea. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek aipatutako telefono zenbaki horretara idatzi dezakete.

Asteartean, puzgarriak

Martxoaren 4an, asteartean, ohiturari jarraituz haurrentzat puzgarriak izango dira herrian. Eguraldiaren arabera, herriko plazan edo Resti pilotalekuan jarriko da haur parkea 11:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era.