Gizartean dauden orientazio afektibo, sexual eta genero identitate guztiak harrotasunez aldarrikatu eta bistaratzeko mezua partekatzeko eguna da gaur, baina baita denon arteko elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugula adieraztekoa ere.
Hona hemen gure hausnarketa:
Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu Zaldibiako gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea.
Historian zehar, gure kulturan arau heterosexualetik kanpo dauden orientazio afektibo, sexual eta genero identitate desberdinak dituzten pertsonak ez dira aintzakotzat hartu, eta estatuko botere indarrek eta gizartearen gehiengoak diskriminatu dituzte.
53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra. Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGBTI+ komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI+ kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.
LGBTI+ komunitatea orain hamarkada batzuk baino askatasun handiagoarekin bizi da egun, aktibismotik egindako lanari esker legeen alorrean gertatutako diskriminazioei amaiera eman eta jardunbidean ia erabateko berdintasuna lortu da. Hala ere, errealitate soziala berdintasun horretatik urruti dago. Oraindik ere ulertezintasun, aurreiritzi, diskriminazio, lesbofobia, homofobia, transfobia, intersexofobia eta bifobia zantzuak dituzten testuinguruak nagusitzen dira.
Erne egoten jarraitu behar dugu gertatutako LGBTI+ kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.
Gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea, baita udalei ere, herritarrengandik gertuen gauden instituzio bezala.
Udaletik, gure politika publikoak martxan jartzerakoan LGBTI+ pertsonak aintzat hartuko ditugu, herrian denon eskubideak baitira bermatu beharrekoak, eta ez egun batean soilik.
Baina hau ez dugu bakarrik egingo, helburu horretara iristeko herritar guztien parte hartzea ezin bestekoa izango da, denon elkarbizitza eta aniztasuna sustatzeko ardura herritar guztiena baita. Txikia izanik ere ekintza oro baita garrantzitsua.