Tokian tokiko baliabideen kontsumo eredu arduratsu eta jasangarriari jarraiki, herritar guztiei irekitako energia berriztagarrien komunitatea eratzera goaz Zaldibian. Datorren asteazkenean, ekainaren 5ean, 18:30ean izango dugu lehen zita udaletxeko batzar aretoan. Informazio gehiago, jarraian.
Etorkizun hurbilean munduan izango diren erronka nagusietako bi ura eta energia eskuragarri izatea izango dira. Ur horniduraren inguruko burujabetza zaldibiarrok harrotasunez daramagun kontua da eta orain bada garaia energiaren gaiari eusteko. Energiaren burujabetza lantzeko helburuarekin herritarron sarea osatu eta, auzolana oinarri, urratsak ematen hastea dagokigu.
Gure komunitatean herritarrak, langileak eta komertzianteak barneratzea dugu helburu: denon artean GURE ENERGIA sor dezagun.
Herrian sortu eta herrian kontsumitzea... posible delako!
Komunitateko parte izanda, herriko gizarte-kohesioa indartzen lagunduko duzu, herritarren sarea eta auzolana indartuz.