Ertzetik Erdira proiektuaren baitan, laugarren eta azken egonaldia egin berri dute Innsbruckeko arkitektura fakultateko ikasle eta irakasleek. Kurtso osoan zehar landutako diseinua plazaratu zuten alamartxo egunean herritar ugariren aurrean eta diseinuak ikusgai daude herriko plazan eta udaletxean.
Bereziak izan dira azken bi asteak Zaldibiko plazan. Gure artean izan ditugu laugarren aldiz Innsbruck-eko arkitektura fakultateko ikasle eta irakasle taldea, guztira 36 laguneko taldea. Helburu nagusi bat: Zaldibiko plazarako kurtso osoan zehar landu eta herritarren elkarlanarekin mamitzen joan diren diseinua herriari azaltzeko prototipoak eta aurkezpenak plazaratzea.
Bi astez ia etenik gabe murgildu dira erronkan eta goizetik iluntzera arte plazan kokatutako lantegian ikusi ditugu ikasleak egurra eta bestelako materialak lantzen. Tartean, gainera herritarrekin hainbat ekintza egiteko denbora ere atera dute: Gaztelura igoera, paella jana, pintxo-potea...
Ekainaren 23an, alamartxo gaueko ospakizunen aurretik, jarrita zegoen hitzordu nagusia: diseinuaren plazaratze aurkezpena. Arratsaldeko 17:00etan eta eguraldia lagun, herritar eta bisitari ugari bildu zen plazara.
Xotil Natke herritar, unibertsitateko irakasle eta ikerketa-lanaren sustatzaileak eman zion hasiera aurkezpenari. Eskerrak eman zizkien proiektuan inplikatutako udalari, bestelako erakunde, aditu eta laguntzaileei, eta bereziki bidelagun izan dituen irakasle, ikasle eta herritarrei.
Ondoren, plazako frontoian kokatutako erakusketara inguratu eta ikasleek eurek azaldu zituzten beraien diseinuak, 7 lan-eremu guztira. Datozen bi asteetan udaletxean ikusgai egongo da erakusketa, astelehenetik ostiralera 8:30etik 15:30era bitarte sarrera irekiarekin eta 15:30etik 19:30era bitartean bisitatzeko Kultur Etxean egin beharko da eskaera.
Ikasleak jada itzuli dira Austriara fakultatean bertan dutelako orain erakusketa, eta iraila alderako entregatuko dizkiote Udalari proiektua biltzen duen bilduma-txostena eta ikasleek landutako web orria ere.
Aurkezpenen amaieran oroigarri bana jaso zuten ikasle eta irakasleek udal ordezkarien eskutik eta Ioritz Berra alkateak faseka eta lehentasunak herritarrekin landuz diseinua errealitate bihurtzeko lan egingo dutela adierazi zien ikasle zein herritarrei.
Loturak: