Euskara eta zaldibitarren jatorri aniztasuna: errealitate berriaren kudeaketa dugu erronka

Euskararen arnasgune dugu gure herria, baita era berean jatorri aniztasun handiko herria ere. Euskaraz bizi den herria izaten jarraitu eta aldi berean komunitate integratua eta elkarrekiko errespetuzkoa osatzeko erronkari heltzen goaz pixkanaka proiektu ezberdinen bidez. Hausnarketa konpartitua egin eta denen aldetik urratsak ematea izango da helburura iristeko giltza.

 

ZALDIBIRA DATORRENARI HARRERA 

Aniztasun lan-arloan lantzen ari den proiektua da hau, herrira etorri eta bertan erroldatu diren guztiei eskainiko zaiena. Erroldatzerako garaian epe motzean argitaratuko den harrera gida emango zaie. Bertan bilduko dira, euskaraz zein elebietako bertsioetan (bost hizkuntzatan), iritsi berri batentzat garrantzitsuak izan daitezkeen herriari buruzko hainbat informazio esanguratsu: zerbitzu publikoak, herriko bestelako zerbitzuak, baliabideak, historia zein datuak, eta gure herriaren balioak, tartean euskara, noski.

Gida hau jasotzearekin batera, urtero irailean Harrera Eguna antolatuko da, aurreko urteko irailetik erroldatu diren guztiei gonbitea egingo zaielarik. 2020an egin zen lehen Harrera Eguna eta aurtengo irailean izango du segida. 

 

 

EUSKARA, KULTUR ARTEKOTASUNA ETA KOMUNIKAZIOA

Lardizabal herri eskolako komunitatetik abiatuta eta UEMAren laguntzarekin proiektu aitzindari bat jarri dugu abian. Izan ere, herrian dugun errealitateak eskolan eragin zuzena du eta azken urteetan nabarmentzen ari zen kezkari erantzunez jarri da martxan proiektua. Nola lortu dezakegu euskaraz bizitzen jarraitzea eta era berean euskara ez dakiten familiekiko komunikazioa eta giro abegikorra bermatzea?

Bide horretan kokatu behar dugu, aurreko astean HUHEZIko Amelia Barquin eta Karmele Perez irakasleen eskutik jasotako formakuntza saioa. Bertan gurasoak, irakasleak, Etxekonekok elkarteko kideak, Berritzeguneko eta Udaleko ordezkariak bildu ginen, proiektuko Talde Hedatua deiturikoaren lehen bileran. 

Datorren ikas-kurtsoan aplikatu eta probatuko dira helburua lortzeko bidean lagungarri izan daitezkeen metodologia eta teknikak, eta proiektuaren emaitza Lardizabalgo hezkuntza komunitatetik harago, Udalean zein antzeko egoera bizi duten herri euskaldunetan aplikagarri izatea aurreikusten dugu. 

 

 

EGUNGO HERRI ERRONKAK, ETORKIZUNA ERAIKITZEKO

Beraien bizi proiektu pertsonalak garatzera etorri dira zaldibitar berri gehienak, Zaldibian dugun herri proiektuaren baitan lekua izan behar duten proiektuak dira. Parekidetasunean oinarrituriko Zaldibia bizi, euskaldun, feminista eta aurrerakoi bat eraikitzeko guztion ekarpena beharrezkoa izango da. Eta hori burutu ahal izateko tresnak sortu beharko ditugu, zubiak eraiki, hausnarketak konpartitu eta bidea guztion artean egitea ezinbestekoa izango da. Aurrera ba!

 

Erlazionaturiko loturak: