Faseak, irekierak eta letra txikien garai berriak

Normaltasun berria izenez batailaturiko garai nahasi hauetan, azpiegitura publikoen kudeaketa ezinezko bihurtzen ari dela ikusita, gure buruhausteak partekatu eta esku artean ditugun korapiloen berri eman nahi dugu Zaldibiako Udal gobernua osatzen dugun ordezkariok.

Mundu mailako zabalpena hartu duen gaixotasun ezezagun bati mugak jartzea ezinbesteko erronka bihurtu zaigu. Baina egia esan egoera honen azterketa, kudeaketa eta  neurri zuzentzaileak zehaztea dagokien arduradunen lanak eta jardunak errealitatearekiko ekidistantzia batean kokatu direlakoan gaude.

Egoeraren larritasunaz garaiz ohartarazpenik jaso ez izatetik, egoerari aurre egiteko bitartekorik ez izatera igaro ginen. Gure herriak zituen beharrak aztertu eta bitartekoak sortzearen ardura eta lana hartu genuen gure bizkar. Bide horretan bide lagun gutxi eta mugak, arauak, legeak eta irizpideak jaurtikitzeko ardura bereganatu nahirik kalapita ugari ikusi ahal izan dugu hango eta hemengo administrazioen artean.

Aste eta jaiegun, etorriko denaren inguruko filtrazioez beteriko prentsa orrialdeak eta telebista saio amaigabeak ikusi, eta kontraesanez eta interpretazio anitzez beteriko lege aginduak irakurtzen aritu gara. Maiz, gainera, hiriburu handien errealitatearen neurriko txapela jantzarazi digute. Gerora neurrira egokitzen joan badira ere, gaixotasunaren zabalpena mugatzeaz baino, bestelako helburuak nagusitu direlakoan gaude.

Gaur egun, logika arrazional guztiak gainditzen dituen arau, lege eta betekizun kontraesankorrekin aurkitzen gara. Batetik zerbitzu berriak ireki daitezkeela irakurtzen dugu komunikabideetan eta agintarien ahotan, eta bestetik, lege paperetan irekiera ezinezko edo oso zail egiten duten baldintza betekizunak jasotzen ditugu.

Horrela, Udal Arreta Zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuak izan ziren aurrez aurreko moduan berreskuratu genituen lehen zerbitzuak, gero Kultur Etxea oso-osoki izan ez arren, ondoren Mediku Etxeko zerbitzua, eskualdean lehenak izan ginen lortzen… Horiez gain, Hezkuntza Sailak hezitzaileak bertaratzera eta zerbitzua ematera behartu dituelako, Eskolaren eta Haurreskolaren desinfekzioa ere egin behar du Udalak. Kontua da, ordea, irekitzen den zerbitzu bakoitzak egokitzapen eta garbiketa-desinfekzio lan mardula dakarrela atzetik, osasun-segurtasuna bermatu ahal izateko.

Dugun baliabide pertsonal, material eta ekonomikoa jartzen gabiltza eta jarraituko dugu oraindik itxita dauden zerbitzu eta guneak herritarren zerbitzura jartzeko. Baina halabeharrez pixkanaka izan behar du, lanketa handia suposatzen duelako. Egiten duguna, berme guztiz egin nahi dugu eta irizpideak ez datoz nahi bezain azkar. Dena den, konpromisoa hartzen dugu orain artean bezala zaurgarrien izan daitezkeen herritarrei zerbitzua ematen dietenak lehenesteko,  adineko herritarrak, eta haur eta gazteak bereziki.

Badakigu jakin, bakoitzak bere esparruan, gure gune eta espazioak berreskuratzeko dugun gogoa zenbatekoa den eta kontziente gara azken asteetan eman den abiadak gogo hori hauspotu duela: haur-parkeak, soziedadeak, gaztetxea, areto eta ikastaroak, ekintza et ajaiak, frontoia… Leku hauen berreskurapenak hilabeteetan bizi izan duguna gainditu izanaren sentipena eragiten digu. Baina konstatazio bat dago: Covid-19ak gure artean jarraitzen du eta behartuta gaude osasuna babesteko neurriak hartzera. 

Esaterako, aipatu berri ditugun adibideen artean, honako neurriak bete behar dira gaur gaurkoz: komun publikoak irekitzekotan egunean 6 aldiz garbitzen direla bermatu behar dugu, legeak ez du haur parkeak irekitzea baimentzen, frontoi itxietan erabiltzaile baten eta bestearen artean desinfektatu egin behar da erabilitako eremua, berdin bilera edo antzekoetarako geletan, ekitaldi edo ospakizun guztietan segurtasun arauak beteko direla bermatu behar du antolatzaileak…

Beraz, herritarrei egoera hau azaltzearekin batera, bi eskaera egin nahi dizkizuegu: batetik, pazientzia pixka bat izateko, presa ez da lagun ona, gutxiago osasun krisi bat gainditzen ari garenean; eta bestetik, eskatzen dizuegu luzatzen dugun eskua har dezazuela egoerak eskatzen dituen neurriak hartuz elkarlanean irekiera hauek prestatzeko. Herriko taldeak, eragileak, kolektiboak, era batera edo bestera zuen beharrak asetzea nahiko genuke, ahal den neurrian, eta horretarako ezinbestekoa izango da elkarlana.

Honen harira, eskaera egin diogu Zaldibiako Gazte Asanbladari. Izan ere, Gaztetxea irekitzea eskatu zuen lehengo astean eta aurrez aipatutako araudi eta neurriak medio irekiera baimena ematerik ez genuela adierazi genien eta horren aurrean baimenik gabe era irekitzeko erabakia hartu zutela adierazi ziguten. Gure eskaera honakoa da eta hala adierazi diegu: adostu ditzagula erabilera eta protokolo zehatzak, gutxienez Gazte Asanbladaren behar esanguratsuenei aurre egiteko eta bideak jartzeko, betiere garbi izanda ez dela normaltasun osoa izango eta orain arte gaztetxean egiten ziren erabilera guztiak ezingo direla lehen unetik baimendu, beste gune publiko askotan ere ezin den bezala.

Herritar, eragile eta taldeek egoerak eskatzen duen pazientziari eta Udalak luzatutzen dizuen eskuari helduko diezuelakoan, irekitzen diren aukeren baitan kolektibo zaurgarrienen beharrei lehentasuna emateko konpromisoa berresten dugu.

Urratsak zuhurtziaz eta arduraz egin ditzagun.

Gogoratu,

ZUKATI TA DANOKATI,

2 METRO TA ESKUK GARBI!

 

Zaldibian, 2020ko ekainaren 10ean