Garai zailak herrian, Zaldibiako Udalaren agerraldia

Gaur goizean Osasun Sailarekin izandako bileraren ondotik, egoeraren larritasunak dagokion erantzunik jaso ez duelako agerraldia eskaini dute herriko plazan, jarraian duzuen adierazpenarekin bat egin duten Zaldibiako Udal zinegotziek. Hemen duzue adierazpen osoa, Osasun Sailaren eskutik, Zaldibiako Udalak duen desinformazioa eta herri bezela aurrean dugun erronka dira udal ordezkariak kalera eraman dituen arrazoi nagusiak.

ZALDIBIAKO UDALAREN AGERRALDIA

Zaldibin, 2021eko martxoaren 31an

GARAI ZAILAK ARI GARA BIZITZEN EGUNOTAN ZALDIBIN. Momentuz eta zorionez aste honetan gaitza hartu duten 73 herritarrak ondo daude orokorrean eta hori da gure lehen kezka nagusia. 7 egunean goitik behera aldatu da herriko egoera, abiadura oso kezkagarrian. Gure artean dabilkigun hau orain arteko aldaerak baino azkarrago hedatzen dela argi dago, baita etxe askotako ateak jo dituela ere, eta datozen egunetan kasu gehiago agertuko direla argia da.

Pasa den ostegunetik kasu uholdea zetorrela antzemanda Osakidetza zein Osasun Sailarekin harremanetan jarri zen berehala Zaldibiako Udala. Herrian gertatzen ari zena arrunta ez zela eta jarraipena egiteko eskatu genuen, baita neurriak garaiz hartzeko ere, horretarako Udalaren lankidetza eta prestutasuna azalduz.

HERRIAREKIKO ERANTZUN ZEHATZIK GABE, GAUR GOIZERAKO BILERA BATERA DEITUAK IZAN GINEN ESKUALDEKO HAINBAT ALKATE. Gaur bitarte ez dugu beste inolako komunikazio edo informaziorik izan, herritarrek egunez egun eman diguzuena ez bada. Eta hau eskertu beharrean gaude, herriaren argazki erreala izan eta zuen bidelagun izateko aukera ematen baitigu honek.

Gaurko bileran tasa altuenak ditugun herrietako bana-banako hainbat datu eman dizkigu Osasun Sailburuak eta haren lan-taldeak, eta eskualdeko egoerari ere aipamena egin diogu. Egoera kezkagarria da, kasuek orokorrean goraka jarraitzea aurreikusten da.

Zaldibiako kasuan, Osakidetzako arakatzaileen sareak azaleratu diren kasuen %60 detektatu ditu herritarren kolaborazioari esker, baita Lardizabal Eskolari esker ere. Guztiei eskertu nahi diegu egindako lana.

OSASUN SAILAREN ALDETIK GOIZEKO BILERAN EZ ZAIGU GURE HERRIAN NEURRI GEHIGARRIRIK HARTZEKO ASMO EDO ERABAKIRIK AZALDU. Arratsaldean, ordea, Lardizabal Herri Eskolan ikasten duten eta momentuz konfinatuta ez zeuden ikasle, irakasle eta langileei bihar Zumarragan baheketa egingo dietela jakin dugu Eskolaren bidez.

IRIZPIDE ALDAKETA ETA INFORMAZIO EZAREN AURREAN GURE HASERRE ETA KEZKA ADIERAZI NAHI DIOGU OSASUN SAILARI. Ez da lehen aldia, eta ez gara udal bakarrak hau sentitzen dugunak. Adierazi nahi dugu, era berean, baheketa zehatz hau kutsatzeak antzemateko bidean pauso bat izan badaiteke ere, gaur egun herrian kutsatu direnen eremu zabala eta pasatzen ari den denbora ikusita, begirada guztia eskolan eta haurrengan jartzea motz geratzea dela.

Beraz, eta honen guztiaren aurrean, agerraldi honen bidez honako deialdia egin nahi dizuegu herritarrei hemen elkartu garen udal ordezkariok:

Edozein eremutan azkar zabaltzen ari da gaitza. Beraz, zalantzarik txikienaren aurrean jarri osasun zerbitzuekin harremanetan eta dagokizuen jarraipen eta frogak egitea eskatu. 900 20 30 50 Osakidetzaren arreta telefonoa erabili behar da horretarako,   jai-egunak datoz eta. Ordiziako Osasun Zentroa irekita denean, hara ere deitu daiteke.

KATE HAU MOZTU BEHAR DUGU. Sintoma txikiren bat baduzu, arinena izanda ere (mukiak, eztula, buruko mina…) edo positibo eman duen norbaitekin harremanen bat izan baduzu, hau da, zalantza txikiren bat sortu bazaizu, eman pausoa eta deitu.

Horretaz gain, egun hauetan neurtu ondo harremanak, saihestu aurreragorako utzi daitezkeenak, elkartzekotan aire zabala lehenetsi eta zorroztu prebentzio neurriak: eskuen garbitasuna, distantzia, maskara, aireztapena.

ONDO ARI GARA, HERRITARREN ARDURA ETA KOLABORAZIOA HANDIA IZATEN ARI DA. Gogoratu Zaldibiako Udala hemen duzuela eta badakizue hondakinak etxez etxe jaso eta beharrezko dituzuen janari eta oinarrizko produktuak etxeko ateraino eramateko zerbitzuak martxan ditugula. Jai-egunak izanagatik ere, positibo eman baduzu deitu 943 88 03 57 telefonora, bertan aurkituko gaituzue.

Eutsi horri, gaitzaren transmisioa etetea lortu behar dugu, hori da egunotako gure herri erronka. Eta beste lekuetan baino beranduago sumatuko badugu ere, lasai, bertan da-eta udaberria.

Eutsi Zaldibi! GUZTION ARTEAN KATEA MOZTEA LORTUKO DUGU!

Zaldibin, 2021eko martxoaren 31n