2020/12/21
Gaztetxea irekitzeko baimenik ez dagoela gogorarazten dio Zaldibiako Udalak Gazte Asanbladari
Sare sozialen bidez zabaldu du Zaldibiako Gazte Asanbladak gabonetako egitaraua. Egitarauaren baitan, Zaldibiako Gazte Asanbladak hainbat jarduera antolatu dituela plazaratu du eta ezinbestean Zaldibiako Udalak hauen inguruko hainbat ohartarazpen egin behar ditu. Jarraian irakurri ditzakezue:
“Zaldibiako Udalak eta Zaldibiako Gazte Asanbladak bat egin dute Osasun Sailaren agindua indarrean dagoen artean Zaldibiako Gaztetxea itxita mantentzeko erabakian. Hori horrela izan dadin behar diren neurriak hartuko dituela jakinarazi du Zaldibiako Gazte Asanbladak.”
- Egitarauaren baitan antolatzen diren hainbat ekimen, Udalak horretarako prestatuak dituen lokaletan burutu daitezkeela uste dugu. Adibidez, tailerrak, eskutitzak idazteko gunea eta ikastaroak. Gure prestutasuna azaltzen dugu, beste taldeekin ari garen bezala, udal baliabideak ZGAren eskura jartzeko, ekintzak egungo osasun protokoloen eta araudien baitan egin ahal izateko.
- Ezin egingarritzat jotzen ditugu talo salmenta bezalako ekimenak. Herriko ostalariek eta elkarteek beren jarduna ere mugatuta duten honetan, ez dugu uste baldintzarik dagoenik talo salmenta burutzeko. Are gutxiago Gaztetxean, itxita egon behar baitu.
- Gure kezka agertu nahi dugu, abenduaren 23rako antolatu dituzten haur jolasen edota abenduaren 31ko mendi martxaren inguruan. Gaur egun bete beharreko protokoloek eta hartu beharreko neurriek guztiz baldintzatzen dituzte horrelako jarduerak.
Zaldibiako Udalak ohar hau zabaltzen die herritarrei eta Zaldibiako Gazte Asanbladako kideei.