"Gaztetxoei aisialdi hezitzailea eskaintzea da Gaztelekuaren helburua"

Maiatzaren hasieratik gaztetxoei bideratutako zerbitzu berria du Zaldibiak: Gaztelekua. Garazi Azurmendi zaldibiarra da bertako hezitzaile-dinamizatzailea, eta Kimueneko Gereziondo aretoan izango du egoitza Gaztelekuak. Lehen urratsak ematen ari den ekimena sakonago ezagutzeko hainbat argibide eman ditu Garazik.

 

Azken egunetan gaztetxoen bidelagun ikusi zaitugu herrian, zer dela eta?

Gaztelekuaren proiektua elkarrekin martxan jartzen ari gara, gaztetxoek zer nahi duten eta zer behar dituzten ezagutzen ari naiz, alegia. Niretzat, zaldibiarra izanik, ohorea da gazteen bidelagun izatea, eta euren artean Zaldibiako balioak zabaltzen laguntzea. Proiektu polita eta interesgarria da, eta oso gustura nago. Garrantzitsua iruditzen zait, gainera, herriko gaztetxoei beren lekua ematea. Zerbitzu berria da eta urratsez urrats joango gara. Ez da lan erraza, gazte gehienek arratsaldeak ekintzez gainezka dituztelako, baina ari gara bidea egiten. Gogotsu nago proiektuarekin, eta ahalik eta gaztetxo gehienengana iritsi nahi dut, elkarrekin ongi pasa eta ikasteko.  

 

Zer helburu du Gaztelekuak?

Gaztelekuaren helburua gaztetxoei aisialdi hezitzailea eskaintzea da. Euren beharrak eta kezkak entzun, ulertu, eta ahotsa eman diegu, protagonista eginez. Hortik abiatuta pertsona gisa garatzen joan daitezen baliabideak eskaini behar dizkiegu. Garrantzitsua da beren gustuko ekintzak planifikatzea, eta nola ez, gaztetxoen parte hartzea sustatzea Gaztelekuaren barruan nahiz herriko ekimenetan, herritar aktiboak bilakatuz. Bide horretan oinarri izango ditugu bizikidetza, aniztasuna, parekidetasuna eta euskararen erabilera, besteak beste.            

Kontuan izan behar da   Gaztelekua 12-15 urte bitarteko gazteentzako elkargune bat dela. Irekia da eta nahi duena gerturatu daiteke. Horrez gain, herriko beste espazio eta baliabide batzuk ere erabiliko ditugu hainbat ekintza egiteko. Beraz, askotan ikusiko gaituzue kalean.

 

Zer moduzko harrera izan du gaztetxoen artean?

Martxan jarri berria dugu, eta pixkanaka gaztetxoekin elkartzen hasia naiz elkar ezagutu eta harremantzen joateko. Nik uste dut gustura hartu dutela zerbitzu berria, aspalditik aipatzen baitzuten elkargune baten beharra zutela. Apirilaren 29an egin genuen ate irekien saioa, eta gazte ugari bertaratu ziren. Horrez gain, proiektua aurkezteko familiekin ere bildu ginen eta harrera ona izan zuen.

 

Zenbaitek pentsa dezake gazteak egoteko gunea dela soilik Gaztelekua, baina zerbitzuaren oinarrian badago lanketa garrantzitsua, ezta?

Hori da. Gaztelekura aisialdian etorriko badira ere, planifikatutako ekintza sorta eskainiko diegu eta saiatuko gara euren parte-hartzea eta inplikazioa sustatzen. Herriaren parte izan eta  sentitzea nahi dugu; horretarako,  herriko hainbat ekintza eta proiektutan parte hartuko dugu, gazteei ere lekua eginez. Batzuetan, beste eragileek antolatutako jarduerak izango dira, eta besteetan, berriz, gaztetxoek antolatzen dituztenak. Modu horretan, antolaketa lana zer den ezagutzea nahi dugu,  beren bizitzarako baliagarria izango delako.

 

Bide horretan, herriko eragileekin harremana izatea garrantzitsua al da?

Oso garrantzitsua da. Herriko eragile sarearekin elkarlanean aritu nahi dugu, gaztetxoek elkarteetan parte hartzen duten horiengandik ikasi dezaten.

 

Zein izango da Gaztelekuko martxa aurrerantzean?

Pixkanaka ari gara Gaztelekuari forma ematen.  Horretarako, hainbat txoko sortzen ari gara, gaztetxoen gustu eta beharren arabera. Hasieratik argi izan dugu elkarlanean egin beharreko prozesua dela. Horregatik, beharrezko materialak identifikatu, zerrendatu eta material horiek lortzeko aukerak aztertu ditugu. Horrez gain, hainbat ekintza eta dinamika egin ditugu eta aurrerantzean ere udarako jarduerei begira gustuko ekintza eta irteerak antolatzen joango gara.

Gaztelekua asteartetik ostegunera 16:30etik 19:30era eta ostiraletan 16:30etik 20:30era dago irekita.  Hasieran asmoa da asteartetik ostegunera gaztetxoak adinaren arabera biltzea. Ostiraletan, berriz, adin desberdinetako gaztetxoak bilduko ditugu elkarrekin ekintzaren bat egin dezaten. Dena dela, zerbitzua martxan jartzen ari gara, eta gaztetxoen nahi eta beharren arabera moldatzea da asmoa. Beraz, gaztetxoak Gaztelekuan parte hartzera animatu nahi ditut.