Herri-mendiko erabiltzaileei bidali zaie gutuna

Udal Gobernuak erabaki bezala, herri-mendian larrealdi baimena duten erabiltzaileei etxez etxe banatu zaie gutuna, pistan ibilgailuz ibiltzeko gaur arte dauden arauak errespetatzeko deia egiteaz gainera, mugatutako bidean pasatzeko debekuaz ohartaraziz. Ohar honek azken asteetan izandako harriak mugitzeko ekintzei erantzuten die.

Herri-mendiko larre erabiltzaileei helarazitako oharra:

 

Herri-mendiko erabiltzaile hori,

Gutun honen bidez zuregana zuzentzen gara Zaldibiako Igirua Herri-mendian 2021eko larrealdi baimena duzun heinean.

Badakizu urteetako eskaerari erantzunez eta Ingurumen, Lehen Sektore eta Landa Garapen lan-arloan landu eta erabakita, Zaldibiako Udalak, Foru Aldunko Larre zein Baso Sailen laguntzaz, bidea konpondu zuela aurtengo maiatzean.

Orokorrean balorazio ona egin eta jaso genuen konponketa lanen inguruan, azken zatiaz, txaboletatik Errekontarainokoaz izan ezik, bai lan-arlo kide batzuen aldetik, baita zenbait herritarren aldetik ere.

Horregatik, Udal Gobernuak berriro hartu zuen esku artean gaia eta proposamen bat egin zuen: azken bide zati horretan harrien bidez ibilgailuen joan etorria mugatzea. 2021eko irailaren 29ko Ingurumen, Lehen Sektore eta Landa Garapen lan-arloan aurkeztu eta bertaratuak ados agertu ziren.

Hala, urriaren 20an harriak jarri ziren pasabidea mugatuz, baina bi aste baino lehen harriak mugituta agertu dira, ibilgailuren batekin, noski.

Honen aurrean, Zaldibiako Udalak honakoak adierazi eta erabaki ditu:

  • Salatu nahi dugu harriak mugitu izanaren ekintza. Herri-mendia denona da eta bertan egiten dena arautu, bultzatu edo mugatzeko Ingurumena, Lehen Sektorea eta Landa Garapena deituriko lan-arloa du Udalak, herritar guztien partaidetzara irekia. Gaiak bertan landu eta adosten dira, tartean harriak jartzearena.
  • Aldebakarreko ekintza honek hori guztia hankaz gora jartzen du eta horregatik ondorioak izango ditu. Udalak zer gertatu den argitzeko neurriak hartuko ditu eta ez du halakorik onartuko. 
  • Zaldibiako Udalak harriak berriro jarriko ditu ibilgailuen joan-etorria mugatzeko eta animalien pasabidea ahalik eta gutxien oztopatzeko moduan.

 

Beraz, pistan ibilgailuz ibiltzeko gaur arte dauden arauak errespetatzeko deia egiteaz gainera, mugatutako bidean pasatzeko debekuaz ohartarazi nahi zaitugu. Hala izan ezean arau hauste larri gisa joko da, horrek dakartzan ondorioekin.

 

Bukatzeko, urtero bezala, herri lurretako larreak antolatzeko garaia badator eta beraz, honen bidez jakinarazten dizugu Igiruako larretarako izen ematea zabalik dagoela.

Izena emateko, beti bezala, gutun honekin doan inprimakia bete eta udaletxean aurkeztu behar duzu, nekazaritza ustiategiaren txartelarekin batera, ABENDUAREN 22a baino lehen. Taula betetzerakoan zehaztu mesedez hilabete bakoitzean larrean arituko den azienda kopurua.

Edozein argipen edo zalantza dela eta, badakizu non gauden.

Jaso gure agurra,

Zaldibian, 2021eko azaroaren 23an