Atzo LABI batzordeak hartutako erabakien arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien itxiera perimetralak bere horretan segituko du, baina mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira jarduera sozioekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Neurri berriak astelehen gauean sartuko dira indarrean, eta gutxienez martxoaren 5era arte egongo dira indarrean.
Jarraian duzue gaur argitaratu den dekretua, aurreko araudia aldatzen duena:
Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 2. artikuluaren 4. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:
«2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.
Mugatu egiten da bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, artikulu honetan jasotako salbuespen orokorrekin edo partikularrekin.
Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da, lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.
Bestalde, bizilekuaz bestelako Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batera mugitzea baimenduta dago, baita mugakideak ez direnetara ere, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduetarako eta kirol-lehiaketetarako, azken 14 egunetako COVID-19 kasuen intzidentzia-tasa metatua edozein dela ere.
Azkenik, bizilekua dagoen udalerria ez den beste udalerri batera mugitu ahal izango da, mugakidea ez bada ere, kirol federatuko lehiaketetarako eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako, bai eta gimnasioetan, kirol-elkarteetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroetarako edo jardueretarako ere, betiere, kasu horietan guztietan, jatorrizko udalerrian zein helmugako udalerrian COVID-19aren kasu positiboen azken 14 intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa bada.»