Jostun sareko bolondresek 180 maskara inguru entregatu dituzte udalean eta datozen egunetan menpekotasuna duten herritarrei eta hauen zaintzaileei banatuko zaizkie. Eskerrak eman nahi dizkiegu jostunei egindako lanagatik eta sarean parte hartu nahi duenarentzat ateak irekita daudela adierazi nahi dugu. Jarraitu irakurtzen.
Pandemia garaiotan herritarrok elkar babesteko dugun erronkari eutsiz, herriko jostun-sarea osatzeko deia egin genuen Udaletik pasa den uztailean. Orduan ezarri zen maskararen derrigorrezko erabilera eta sortu berri zen behar horri erantzun asmoz, maskara berrerabilgarriak egiteko lehen urratsak ematen hasi ginen.
Jostun bolondres ugari batu zen deialdira eta formakuntza eta materiala jaso ondoren, bakoitzak ahal izan duen neurrian eta borondate osoz, maskarak josi eta Udalari entregatu dizkiote. Udalak, jaso den maskara kopuru handia ikusirik, ia 180 ale, Gizarte Zerbitzuetatik banaketa egiteari ekin zaio. Behar larrieneko herritarrei banatu ondoren, menpekotasuna duten herritarrei eta hauen zaintzaileei maskara bana emango zaie.
Ia 20 herritar inguru inplikatu dira jostun-sarean. Elena Ruano jostuna eta herritarra arduratu da patroiak egin eta bolondresei azalpenak emateaz, eta Udalak josteko beharrezko materiala eman die. Denbora eta gogoa den heinean josten jarraitzea da asmoa eta aurrerago, salgai jartzeko asmoa dago, moduko prezio batean, bildutako dirua elkartasun diru-poltsara gehitzeko. Jostun sareko parte izan nahi duten herritarrentzat ateak irekita daude, udalean jakinarazi eta harremanetarako bidea utzi besterik ez duzu egin behar horretarako. Ondoren deituko dizugu materiala, azalpenak eta patroiak emateko.
Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu jostun bolondresei, ikaragarria delako egindako lana eta erakutsitako borondatea.