Hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak

Hizkuntza politika egokiak garatzeko, ezinbestekoa da diagnostiko egokiak egitea, errealitatea zein den jakitea. Kaleko erabilera da hizkuntzaren egoerari buruzko adierazle esanguratsuenetako bat eta UEMAk bigarrenez, kide dituen udalerri guztietako hizkuntzen kale erabilera neurtu du. Tartean, baita Zaldibian ere. Jarraian informazio osoa. 

 

UEMAko zenbait udalerritan azterketak egin izan badira ere, herri guztietan batera 2017an egin zen lehendabizikoz eta 2021ean egin da bigarrenez. Neurketen emaitza bi dokumentutan bildu da: batetik, Soziolinguistika Klusterrak egin du UEMAko udalerrietako (93 udalerri) erabilera orokorraren analisi xehea 2017 eta 2021ko neurketak alderatuz; bestetik udalerri bakoitzari dagozkion datuak biltzen dituen txostena. 

Emaitzei dagokionez, hemen informazio orokorra:

LAGINA: 

2021eko maiatzaren 3tik aurrera, 16 egunez jarraian, egunero ordubetez egin ziren neurketak, herri-gunean eta jendea ibili ohi den lekuetan. Guztira 339 elkarrizketa, 1113 solaskide. Laginak, beraz, %95eko konfiantza maila du. 

ERABILERA OROKORRAREN EMAITZA:

2021eko neurketetan, hiztunen %85,3 sumatu dira kalean euskaraz, gaztelaniaz %9,4 eta beste hizkuntzetan %5,3.

2017ko neurketekin alderatuta beherakada arin bat izan du euskararen erabilerak, baina ez gaztelaniaren mesedetan, hau ere 0,3 puntu jaitsi baita. Euskara eta gaztelania ez diren hizkuntzen erabilerak egin du gora, %1,5etik % 5,3ra, herriko biztanleriaren ezaugarri aldaketaren adierazle. 

SEXUA ETA ADINA:

Emakume edo gizon erabilera antzekoa da eta adinaren arabera berriz, gazteen artean erabiltzen da gehien euskara, eta ondoren haurren artean. Dena dela, azken neurketatik hona 10 puntu jaitsi da haurren euskara erabilera.

ESPEROTAKO ERABILERA:

Zaldibiako herritarren euskara ezagutza kontuan hartuta, kalkulatu da kalean %58,4ko euskara erabilera espero daitekeela eta neurketetan ikusi da datu hau 26,9 puntu handiagoa izan dela. Arnasgune gehienetan gertatzen da hau. Horrkein ondorioztatzen da, euskaldunek hein handian erabiltzen dutela euskara, nahiz eta hobetzeko tarterik baden. Eta era berean, ondoriozta daiteke euskaldunek euskaldunekin dutela harreman, eta plazan lekua dutela euskal hiztunek.  

Lotura hauetan kontsultatu ditzakezu neurketaren emaitza-txostenak: