Inauterietarako mozorro eta osagarrien bilketa antolatu da

Otsailaren 25ean, asteartean, inauterietarako mozorro eta osagarrien bilketa antolatu da Gaztelekuaren eta Guraso elkartearen eskutik, 17:00etan herriko plazan. Helburua da otsailaren 28ko Inauterietako jaialdirako mozorro eta osagarrien kutxa osatzea, nahi duenak inprobisatu eta mozorrotzeko aukera izan dezan. Jarraian informazio gehiago.

 

Inauteriak gertu dira, eta aurten jai berezia antolatu nahi da herrian otsailaren 28rako. Ostiral mehe egunez haurrek eskolako festarako mozorrotzeko ohitura dute Zaldibian, baina helduei gehiago kostatzen zaie urratsa ematea. Horregatik, herritarrak mozorrotzera animatzeko, mozorro eta osagarrien kutxa osatu nahi da auzolanean, eta datorren ostiralean aterako da festara, nahi duenak mozorrotzeko aukera izan dezan. Horretarako, herritarrek etxean dituzten mozorro eta osagarrien bilketa antolatuko dute Gaztelekuak eta Guraso Elkarteak. Otsailaren 25ean, asteartean, 17:00etik 19:00etara bitartean jarriko dute mahaia plazan, eta herritarrak erabiltzen ez dituzten mozorro eta osagarriei bizia ematera animatu dituzte.

Gaztelekuko kideek azaldu dutenez, mota guztietako mozorro eta osagarriak jasoko dituzte: "Ez du zertan mozorro dotorea izan beharrik, edozein koilare, sudurreko, kapela edo tela ekar daiteke. Hori bai, garrantzitsua da ekartzen den materiala egoera onean egotea, norberari hartzea gustatuko litzaioken bezala, alegia. Mozorro eta osagarri horiek otsailaren 28ko festan erabiltzeaz gain, Udako Jardueratan edo Jolas gelan ere erabili daitezke aurrerago. Beraz, etxean dituzten kaxak astindu eta erabiltzen ez diren mozorrei erabilera berria ematera animatu nahi ditugu zaldibitarrak ".