IRITZI BILKETAREN EMAITZAK: Goierri Rallysprinta

2023ko martxoaren 30etik apirilaren 5 arte IRITZI BILKETA ARIKETA FORMALA antolatu zuen Zaldibiako Udalak. ZALDIBITAR BAT, IRITZI BAT irizpidea jarraituz, herrian erroldatuta egon eta 16 urte edo gehiago dituztenek izan dute iritzia emateko aukera. Hemen duzue bertan jasotako emaitzen txostena.

 

ZALDIBIAKO UDALAREN MEZUA:

  • Iritzi bilketa egitearen arrazoia: Helburua ez zen eztabaida sortu edo Rallya bai/ez auziari erantzutea. Urtez urte entzun eta sumatu ditugun iritzi ezberdinak biltzeko bide bat jarri nahi izan dugu, udalari kudeatzea tokatzen zaion gai hau lantzeko oinarri bat jarriz.
  • Iritzi bilketako parte hartzea handia izan da eta benetan eskertzen dugu jasotako iritzi bakoitza. Parte hartu zezaketen 1509 herritarretatik 302 herritarrek eman dute iritzia, %20ak alegia. Eskerrik asko guztioi!
  • Rallya oro har nola ikusten den adieraztearekin batera, horren zergatia azaltzea eskatu genien herritarrei. Azken finean, bai/ez edo zuri/beltz dikotomiatik urrundu eta arrazoietan oinarrituriko kolore ortzadarrean aurkituko baitiogu lanketa egokiena rallyaren aferari.
  • Zaldibiako Udalak jarraian erantsiriko txosten teknikoan bildu du iritzi bilketa jasotakoa eta honen jabe egiten gara oinarri gisa hartuz hemendik aurrera egin beharreko bidean.

 

TXOSTEN TEKNIKOA: IRITZI BILKETA: GOIERRI RALLYSPRINTA, 2023ko martxoaren 30etik apirilaren 5era

 

PARTE-HARTZE DATUAK:

Orotara 333 iritzi-orri bildu dira, paperean zein internet bidez beteak.

Gogoratu zaldibitar bat, iritzi bat  irizpideari jarraituz, herrian erroldatuta egon eta 16 urte edo gehiagokoek zutela iritzia emateko aukera. Horretarako, nahikoa zen jaiotze dataz gain, izen-abizenak edo Nortasun Agiri zenbakia adieraztea.

 

 

*Baliogabeak izateko arrazoiak: 16 Zaldibian erroldatuak ez zirelako, 6 datuak osatu gabe zituztelako, 5 iritzia behin baino gehiagotan eman zutelako eta 4 lagun 16 urte baino gutxiagokoak zirelako.

 

 

IRITZI-BILKETAN JASOTAKO ERANTZUNEN AZTERKETA:

 

Emandako arrazoi guztiak aztertu ondoren, positiboen eta negatiboen artean bereiztu ditugu herritarren argudioetatik hartutako gako-hitzak. Hitz edo ideia errepikatuenak, alegia. Kontuz, horrek ez du esan nahi Rallya begi onez ikusten duen norbaitek positiboa ez den zerbait ikusi ez dionik, edo alderantziz, orokorrean begi txarrez ikusten duenak alderdi onik ikusi ez dionik.

 

Arrazoi positiboen artean gehien errepikatu diren gako-hitzak honakoak dira. Zenbat eta aldi gehiagotan aipatua izan, orduan eta tamaina handiagoan idatzita egongo da hitza.

Arrazoi negatiboen artean gehien errepikatu diren gako-hitzak, ordea, honakoak izan dira:

Iritzi-emaileari zenbait aukeren artean egoki ikusten zituenak aukeratzeko eskatzen zitzaion, hona hemen jasotako erantzunak:

 

Azkenik, aurreko taulako aukerez gain besteren bat proposatzeko tartea eskaintzen zen. Hona hemen tarte horretan bildutako erantzun bilduma, gaika sailkatuta:

 

Lekua:

  • Goierriko herri gehiago inplikatzea ona litzateke, edo behintzat ez beti hemendik pasatzea. (8 aldiz errepikatua)
  • Olaberrian eta beste leku batzuetan badira horretarako egokiak diren zirkuitu itxiak, behar bezala babestuta daudenak. Bertan egin dezatela. (4 aldiz)
  • Zaldibiatik pasatzen denean (nahiz urtero ez pasa), autoen erakusketa gure herrian izatea. (3 aldiz)
  • Rallya Zaldibiatik pasatu nahi bada, urtero ibilbide ezberdin bat markatzea, beti herritar berdinei zuzenean eragin gabe (2 aldiz)
  • Zaldibiatik ez pasatzea bakarrik ez, ez luke beste inondik pasa behar. Hau ez da “Not In My Back Yard” bat. Ez gaude 60ko hamarkadan, eta klima-testuinguru oso ezberdinean bizi gara. (2 aldiz)
  • Goierri Rallysprinta izanik, eta antolatzaileak lazkaotarrak, zergatik pasa behar du urtero Zaldibiatik? (behin)
  • Bidea itxita egoten da, baina larrialdiren bat bada, karrera mozteko aukera dago. (behin)

 

Maiztasuna eta iraupena

  • Urtero ez izatea, eta motzagoa: bakarrik goizez, edo bakarrik arratsaldez. (5 aldiz)
  • Urtean bitan egitea, eta ahal bada luzeagoa. (behin)
  • Aparkalekuen kontrola zirkulazio egokirako. (behin)

 

Herritarrak-Rallya harremana:

  • “Rallya bai” kartela ikustean, pentsatu nuen hemen bai/ez debatea zetorrela. Ez nuke hor sartu nahi, baina bai herritar guztion arteko kontsentsu puntu batera iristea. Seguruenik horrela batzuk eta besteek eman eta zeditu egin beharko dugu. Herria guztiona baita. (behin)
  • Gutxiengo baten kapritxoak ezin ditu zapaldu Rallyaren aldeko gehiengoaren eskubideak. (behin)
  • Baserritarren onespenik gabe dabiltza. Rallyan erabiltzen den bidearen tarte batzuk guk ordaindu genituen, beraz badugu zer esanik. (behin)
  • Ni prest nago antolakuntzak eta herriak adosten dutena asumitzeko. (behin)

 

Ingurugiroa

  • Rallyak edota antzeko kutsadura sortzen duten kirol ekintzak ez sustatzea edo baimentzea. (behin)
  • Ingurugiroa zaindu behar badugu, ez dugu herri erdian hau behar, ez Zaldibian eta ez beste lekutan ere. (behin)
  • Inondik ez dadila pasa, eta ingurugiroa kaltetzen ez duten beste ekintza mota batzuk antolatzea. (behin)
  • Kontraesana iruditzen zait ekologismoaren bidean lanean ari den udal batek, jarduera honi onespena ematea. (behin)

 

Arlo ekonomikoa

  • Lazkaoetxe, adibidez, beraien zerbitzua eman ezinik geratzen dira. Beraien iritzia oso garrantzitsua iruditzen zait. Ordainsariren bat eman behar litzaieke? (2 aldiz)
  • Iragartzen dute ateratako dirua laguntza beharrean daudenei ematen zaiela. Baina, ze dirutaz ari dira? (behin)
  • Beren kontuak egin eta kito ari badira, ez dut beste behin ospatzerik nahi. (behin)

 

Iritzi-bilketa egiteaz

  • Beste hainbat ekintzekin ere errepidea moztea eragiten dutenean (txirrindularitza lasterketak, adibidez) ez da zalantzan jartzen egin edo ez. Nire ustez herritar guztiok dugu eskubidea herrian bertan egiten diren ekintzez gozatzeko, ez batzuk bakarrik. (3 aldiz)
  • Iritzi bilketa ondo iruditzen zait, baina ez Rallyarekin bakarrik. Beste hainbat ekitaldirekin ere egin daiteke (mendi karrerak, bizikleta karrerak…). (2 aldiz)

 

Bestelakoak

  • Bizikleta gainean erlojupekoa. (behin)
  • Orain bezala jarraitzea baino hobe, edozein. (behin)

 

Zaldibian, 2023ko apirilaren 20an

Partaidetza eta Komunikazio Arloa