Aurtengo aurrekontuen zati bat udal brigadarako kamioneta moduko ibilgailu elektriko baten erosketara bideratzea onartu zen eta bide horretan urrats berria eman du Udalak. Gaurtik hasi eta uztailaren 12ra arte, irekita dago kontrataziorako deialdia. Hornidura motako kontratu honek 46.932 eurokoa (BEZ gabe) du hasierako balioa.
Zaldibiako udal kale-brigadan lanaldi osoko 5 lanpostu daude eta programa ezberdinen bidez 6 edo 7 laguneko lan-taldea ere izaten da normalean. Gaur egun ibilgailu bakarra dute, horrek eragiten dituen mugekin. Gainera, eguneroko lan motak ikusita eta etorriko diren erronka berriei erantzuteko, kamioneta moduko ibilgailu baten beharra antzeman da. Energia berriztagarrien apustuari jarraiki, ibilgailua elektrikoa izango da, 0 emisiorekin. 2 plazako kabina izango du, atzean kutxa finkoa eta karga igo eta jaisteko plataforma mugigarri batekin. Artxanberriko udal biltegian kokatutako karga-puntuan kargatuko da, haurreskolako teilatuko plakek sortutako energiarekin.
Merkatuaren egoera ikusirik, 7 hilabeteko epea eman da ibilgailua entregatzeko. Halere, epe hau moztea puntuatu egingo da. Eskaintzak jasotzeko epea amaituta, kontratazio mahaia bildu eta esleipena egiteko urratsak egingo dira uztailean.
Esteka honetan aurkituko duzue (identifikatzea eskatzen du): https://www.contratacion.euskadi.eus/KPELicitacion