Kimueneko azken fasea eta Udaletxeko eguzki-plakak: urte hasieran onartutako proiektuak errealitate bihurtzen

Aurrekontuak onartzearekin batera eman zitzaien bide bi proiektuei. Batak, segida ematen dio 2018an irekitako Kimuene Kulturgunea egokitzeari, eta besteak 2021ean haurreskolako teilatuan jarritako energia auto-hornikuntzaren bideari. Jarraian informazio osoa:

 

Proiektu bat buruan sortu, landu, paperera ekarri, elkarbanatu eta errealitate bihurtzeko bidea, ez da nahi bezain azkarra eta erraza izaten, gutxiago administrazioa bezalako eremuetan. Pausoz pauso, ordea, errealitate bihurtzera doaz aurtengo bi erronka:

 

KIMUENE KULTURGUNEA

 

2018ko abenduan, euskararen egunarekin batera zabaldu zituen ateak Kimuene Kulturguneak. Artxanberri eraikinean, 1 eta 2 zenbakidun atarien artean kokatutako lokaletan egokitu ziren 7 gela, areto nagusi bat, bi biltegi eta komunak. Oraindik, ordea, 145 m2 inguruko eremua egokitu gabe geratu zen, behe solairuan, Kimuene Kulturgunearen eta Udal-biltegiaren artean, hain zuzen ere.

 

Eremu honen egokitze lanak egiteko erronka hartu zen 2022an, proiektua idatziz, osoko bilkuran aho batez onartuz eta Foru Aldundiko eta Europako Leader diru-laguntzetara aurkeztuz. Guztira 75.000€-ko aurrekontua du egokitzapenak eta horietatik 44.729,56€ jada lortu dira Foru Aldundiko Landa herrien garapenerako laguntzatik. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen Leader laguntzetatik ere 35.038,16€ jasoko dira.

 

Ekainean lehenik eta abuztuan bigarrenez, deialdi irekiak egin ziren egokitze lanen esleipenerako, baina bi deialdiak hutsik geratu ziren. Ondoren, ordea, eraikitzaile batek eskaintza helarazi zuen Udalera eta hasierako baldintza berdinetan sartzen zenez, lanak esleitu eta martxan dira.

 

Lokal honetan, barne zatiketarik gabeko eremu irekia egokituko da, kale aldera goitik beherainoko leihoak izango dituena erabat zabaltzeko aukerarekin eta bi sarbide aukerekin: kimuene barnetik eta kaletik zuzenean. Ekipamenduari dagokionez, altzari finko gutxi batzuk jarriko dira: ur-arraska bat eta ispilua, baita mugigarriak izango diren aulki, mahai eta armairuak ere. Izan ere, Kimueneko beste eremu gehienak bezala, erabilera anitzerako aretoa izango da, guztietan handia eta kalearekin harreman handiena izango duena.

Proiektu honekin, Kimuene Kulturgunearen espazioak erabat osatzea lortuko da batetik. Pandemiak bere garapena pixka bat atzeratu badu ere, Kimuenek herriko kultur kimuen gunea izan nahi du. Herriko kultur talde eta norbanakoen jarduerak gauzatzeko guneak eskaintzeaz gain, espazio berdina elkarbanatuz hauen arteko josketa bultzatu nahi da. Zergatik ez bertso-musikatuen emanaldi bat osatu bertso eta musika eskolako ikasleen artean? Edo dantza ikuskizun bat pianoaren doinuez?

 

Bestetik, Luberri gimnasioan ematen diren hainbat erabilera areto honetan egin ahal izango dira (bereziki dantza taldearen entseguak). Hala, epe ertainean Luberri kirol-areto bezala garatu ahal izango litzateke.

 

UDALETXEKO EGUZKI-PLAKAK

 

Iaz Haurreskolako teilatuan jarritako auto-hornikuntzarako plaka fotovoltaikoen proiektuari, aurten udaletxeko teilatuan jarritakoek eman diote jarraipena. Irailean iragarri genuen esleitu zirela plakak instalatzeko lanak eta Tapia instalazio elektrikoak enpresak burutu berri ditu.

20kW-ko instalazio honekin Udaletxeko, Beti Gazte Tabernako eta Itoitz Etxeko argi-hornidura elikatuko da eta hala, bertako kontsumoaren ehuneko 20a batez-beste bertan sortuko dela kalkulatu da, urtean 25.712 kilowatt/orduko ekoitziz. Estimatu da sortuko den energiaren %62 auto-kontsumituko dela udaletxeko eta Itoitz etxeko azpiegituretan. Kasu honetan ere, Leader dirulaguntza eskuratu dugu proiektuaren zati bat finantzatzeko. Zehazki, 2.504,44€.

 

Urte amaierarako karga puntu elektrikoak eta energia auditoretza 

Aurtengo lanak ez dira instalazio honekin amaituko. Izan ere, 2022a amaitzerako erronka gehiago ere baditu abian udalak: kale-langile taldearentzat ibilgailu-elektrikoaren esleipena egina dago eta ibilgailua urte berriaren batera iritsiko dela aurreikusten da, herriko kale argiteria eta eraikin publikoen energia auditoretza lanak azken txanpan dira Nazertek aholkularitzaren eskutik, eta laster bi karga puntu elektriko jarriko dira, bata eskolako aparkalekuan erabilera publikorako eta bestea Artxanberriko udal biltegi barruan.