Kultur eta Kirol taldeentzat 2025eko diru-laguntza deialdia zabalik

Zaldibiako kultur eta kirol elkarteek urteroko dirulaguntza eskatzeko epea ireki du udalak, eta martxoaren 31 arte aurkeztu daitezke eskaerak. Deialdiak helburu du  2025ean zehar Zaldibiako irabazi asmorik gabeko kultur eta kirol erakundeek antolatzen dituzten proiektuak eta urteko programak finantzatzea. Jarraian zehaztuta daude laguntzen oinarriak, eskaerak aurkezteko epea eta gainontzeko informazioa. 

 

Martxoaren 5ean bildu ziren Herrigintzaren Kultura saileko arduradunak herriko kultur eta kirol elkarte eta taldeetako ordezkariekin, aurtengo urteari begirako asmoak elkarbanatzeko. Besteak beste, hizpide izan zuten gaietako bat izan zen urteroko diru-laguntza deialdia, eta taldeei euren programak aurkezteko deia egin zitzaien. 

Hala, gaur bertan, 2025ko martxoaren 7an, Zaldibiako Udaleko Alkatetza Dekretuaren bitartez onartu dira kirol eta kultura arloan 2025ean emango diren diru-laguntzen oinarriak eta deialdia. Aurreko urteko deialdiarekin alderatuz, badute desberdintasunik. Alde batetik, elkarteen programak aztertzerakoan, garrantzia emango zaio elkarteek euskara, genero-berdintasuna eta kanpotik etorritako herritarren parte-hartzea sustatzeko egiten duten ahaleginari. Bestetik, urteko aurrekontua zuzentasunez aurkeztea ere baloratuko da.

Horrez gain, eskaera egiteko eranskinen atalaren ere  bada aldaketatxo bat. Elkarteek urtean zehar antolatzen dituzten ekimenen informazio-fitxak aurkeztu behar izaten dituzte eskaerarekin batera, eta aurtengoan bi eredu jarri dira eskura: Ekintza puntualen informazioa jasotzeko fitxa, eta urte osoko programa azaltzeko fitxa.

Eskerak aurkezterakoan elkarteek zalantzaren bat badute, Karreane kultur etxera jo dezakete, eta bertan jasoko dute beharrezko informazioa.  

Hemen eskaerak aurkezteko informazio osoa:

 

Epea: 2025ko martxoaren 31 arte (egun hori barne).

Dokumentazioa: Behean atxikitako oinarrietan zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Eskaerak aurkezteko lekua: telematikoki www.zaldibia.eus web-orrian, edo udaletxeko harreran