Maiatzaren 11tik aurrera, lehen fase “murriztua”

Konfinamendua arindu egin da Hego Euskal Herrian, eta lehen fase izenekora igaro gara. Espainiako Gobernuak argitaratutako BOEaren gainean, Eusko Jaurlaritzak hainbat moldaketa egitea erabaki du. Jarraian informazio EGUNERATUA.

Espainiako Gobernuak maiatzaren 9ko BOEn eta Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 11n argitaratutako Agiri Ofizialean oinarrituz, honakoak izango dira maiatzaren 11tik aurrera izango diren aldaketak, galde-erantzun bidez azalduta:

Udalerritik atera ahal izango da?

BOEk probintzia barruko mugimenduak soilik baimentzen ditu 1. fasean, baina Eusko Jaurlaritzak honakoa erabaki du:

1.– Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

2.– Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe.

3.– Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.

4.– Nolanahi ere, osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatzen da ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna.

Hurbilekoekin elkartu ahal izango da?

BOEn iragarria aintzat hartuz bai, gehienez hamar laguneko elkarketak baimenduko dira, herrialde berekoak –adineko jendearekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik–, etxean, kalean edo terraza batean. Bi metroko segurtasun tartea zaindu beharko dugu, eta higiene arauak errespetatu beharko ditugu.

Eusko Jaurlaritzak elkarketak herri barrura mugatuko zirela esan bazuen ere, Aldizkari Ofizialean ez da mugatu. Aipatzen da gomendatzen dela ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna.

Tabernak eta jatetxeak irekiko dituzte?

Etxerako janaria eramateaz gain, tabernek terrazak ireki ahal izango dituzte. Gehienez hamar pertsona egon ahal izango dira elkarrekin, betiere elkarren arteko bi metroko distantzia errespetatuz eta tabernara sartu gabe. Komunera joan ahal izango da, baina tabernariak bermatu beharko du gutxienez egunean sei aldiz garbituko dela.

Saltokiak irekiko dituzte?

400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek ireki ahal izango dute orain arte bezala, baina aldaketa batekin: ez da aurretiko zita hartu beharko. Aforoa eta distantziak errespetatuz iladan itxaron beharko da beste komertzioetan bezala.

Liburutegiak eta museoak irekiko dira?

BOEren arabera bai, baina Jaurlaritzak erabakitakoaren arabera EAEn ez dira irekiko.

Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

Ikus-entzunezko lanak ekoizteko eta filmatzeko jarduerak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 29., 30., 31. eta 32. artikuluen arabera egingo dira.

 Gogoratu liburuen mailegu eta banaketa zerbitzua martxan dugula eta Kultur Etxera deitu behar dela liburuak eskatzeko. Eskaerak asteazkenak baino lehen egin behar dira, eta banaketak ostiraletan egiten ditugu etxez etxe.

Kultur ekitaldiak egin ahal izango dira?

BOEren arabera bai, baina Jaurlaritzak erabakitakoaren arabera EAEn ezingo da ekitaldirik antolatu oraingoz.

Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

Etxe bereko pertsonak, batera atera daitezke paseora?

Eusko Jaurlaritzak asteburuan esandakoaren arabera bai, baina Aldizkari Ofizialean ez da gai honi buruzko ezer aipatu.

Kirol instalazioak berriro irekiko dira?

BOEren arabera bai, baina Jaurlaritzak honakoa erabaki du:

1.– Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren mugartearen barruan eta mugakideetan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.

2.– Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak ireki ahal izango dira, eta kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte.

3.– Banakako kirol-jarduera egin ahal izango da, aurrez hitzordua eskatuta eta bizilekua dagoen udalerriaren barruko edo mugakideetako kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan.

4.– Kirol profesionala maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 38., 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.

5.– Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.

Gogoratu, kalean egiten den ariketa fisikoaren baldintzak honakoak direla: banakako kirolak, 2 metroko distantziekin, ordu mugarik gabe, egunean behin. 

Hotelek ireki ditzakete ateak?

Bai, baina udalerritik ez ateratzeko mugak asko ixten du bezero aukera. Eremu komunak itxita eduki beharko dituzte; besteak beste, jantokiak.

Kotxean pertsona bat baino gehiago joan daitezke?

Etxe berean bizi direnak elkarrekin joan daitezke bederatzi eserlekura arteko auto batean. Gainontzean, orain arte bezala bi bidaiari, gidaria eta atzeko eskuineko eserlekukoa.

Ehorzketa eta beilatoki zerbitzua egongo da?

Bai, baina mugekin. Aire zabalean bada, 15 lagun joan ahalko dira gehienez, adibidez, hilobiratzera edo hildakoa erraustera. Beilatokian, berriz, hamar pertsona baino ez dira baimenduko.

Gurtzarako guneak irekiko dira?

Ireki daitezke, edukieraren %30era mugatuta eta segurtasun eta higiene neurriak betez. Besteak beste, ezingo dira esku orriak edo antzekoak banatu, eta ezin izango da abesbatzarik egon. Komunitate musulmanak, adibidez, meskitak ez irekitzea erabaki du, segurtasuna bermatzeko.

Kontzesionarioak eta ibilgailuen azterketa teknikoak?

Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, baina aldez aurretik ordua hartu beharko da. 400 metro koadrotik gorako kontzesionarioak ere zabaldu ahal izango dira. Bestetik, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik ordua eskatzea.

Loteria erosi ahal izango da?

Bai. Loteria administrazioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, merkataritza guneetan daudenak izan ezik.

Kaleko merkatuak irekiko dituzte?

Bai, aire zabaleko merkatuak berriro zabalduko dira, baina ohiko postuen %25 bakarrik.

 

Ororen gainetik, kontuan izan ditzagun segurtasun eta higiene neurriak: 2 metroko distantzia etxekoak ez direnekiko eta eskuak maiz garbitzea. Gomendagarria musukoa edo maskarila erabiltzea jendearekin egon behar garenean.

Gogoratu, arauak eta legeak tarteko, baina aurrean duguna oso kutsagarria den gaitza den gaitza dela, eta hori buruan izanik jokatzea eskatzen dizuegu Udaletik. Denok batera honi aurre egitea gutako bakoitzaren esku dago hein handi batean. Ez dadila alferrik izan orain arte lortutakoa.