Maskara ez da derrigorrezkoa barrualde gehienetan

Espainiar Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da dekretu berria; beraz, indarrean dago neurria. Hala ere, oraindik nahitaezkoa da osasun zentroetan eta zerbitzuetan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan.

 

Ia bi urte igaro eta gero, maskara eremu itxi gehienetan erabiltzeko derrigortasuna bertan behera geratu da. 

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua gaur goizean argitaratu dute Espainiar Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Musukoak nahitaezkoa izaten jarraituko du hiru eremutan, arauaren arabera. Hauek dira:

  • Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak. Hots, ospitaleak, anbulatorioak, farmaziak eta odol-transfusioko zentroak.
  • Adinekoen egoitzak, langileei eta bisitariei dagokionean. Egoiliarren kasuan ez da derrigorrezkoa. 
  • Garraiobide publikoak: aire garraioa, trenbidez edo kable bidez egiten dena, autobusak, eta ontzi eta itsasontzi espazio itxiak, pertsonen arteko distantzia txikia badago.

Dekretuak maskara erabiltzea "gomendagarria" diren kasuak ere aipatzen ditu, eta "arduraz" jokatzeko deia egiten da: hala, "covid-19ak eragindako infekzioaren aurrean kalteberatasun handiagoa duten pertsona guztiei maskararen erabilerari eusteko aholkatzen zaie, 1,5 metrotik beherako distantziara dauden pertsonekin luzaroan kontaktuan egon behar badute". Era berean, ekitaldi jendetsuetan erabiltzeko gomendatzen da. Azkenik, "familia-ingurunean eta bilera edo ospakizun pribatuetan, parte-hartzaileen kalteberatasunaren araberako erabilera arduratsua gomendatzen da".

Jarraian irakur daiteke argitaratutako dekretua osorik.