Pasa den ostegunean ospatu zuen Zaldibiako udalbatzak urriko ohiko osoko bilkura. Jarraian dituzue bertan landu zen gaitegia eta hartutako erabakiak.
Goiener Energia Kooperatiba:
Bilkurako lehen erabakia izan zen. Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak azaldu zuenez, gaur egungo gizartearen erronka nagusienetakoa da larrialdi klimatikoari aurre egitea da eta txikitasunetik urratsak ematea dagokigu. Aurrez Ingurumen lan-arloan kontrastatuta, Zaldibiako Udala Goiener energia kooperatibako bazkide izatea onartu zuen udalbatzak aho batez. Era berean, Goienerri lehen azterketa bat egiteko esleipena ere onartu zen. Udal erainiketan eta azpiegituretan energia berriztagarria sortzeko aukerak ikertuko ditu irabazi asmorik gabeko kooperatibak datozen hilabeteetan.
Udal irudi berria:
Bigarren puntuan alkateak aitortu zuenez, bizi dugun egoeran herritarren kezka nagusia ez dela jakinagatik ere, udal eraikin berria errealitate bihurtuko da laster eta garai egokiena dela argudiatu zuen, udalaren irudi berria hautatzeko. Egungo irudiak armarriaren oinarriak ditu, koroa eta bi zaldiekin.
Era berean, Eztitxu Mujikak aipatu du udazkenean zehar herri-komunitatea egiteko ekimenak burutzea adostu zela eta ildo horretan kokatuko dela prozesu hau ere, herritarren partaidetza zuzenez garatuta.
Prozesu hau hasteko eta bertan ateratzen den emaitza errespetatzeko erabakia hartu zuten aho batez udalbatzan elkartutako ordezkari guztiek eta prozesuaren jarraipena egingo duen mahaia osatuko duten partaideak adostu ziren.
Mahaia:
Alkatea: Eztitxu Mujika
EHBildu udal-taldearen ordezkaria: Jon Luloaga
EAJ-PNV udal-taldearen ordezkaria: Esti Jaka
Udal-langilea: Mikel Urteaga
Herri-Hezitzaileen taldeko herritarra: Ustaritz Ormaetxea
Komunikazio aditua: Gattiken taldeko Aritz
Egiari Zor Fundazioaren mozioa:
Udalean Egiari Zor Fundazioak erregistratutako mozioa izan zen gai zerrendako hurrengo gaia. Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko, biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko deialdia eta laguntza eskaintzeko konpromisoa hartzea eskatzen zitzaion Udalari bertan.
Mozioa aho batez onartu zen eta hala, urraketa horiek jasan dituzten biktimak aitortzeaz gainera, Udalak herritarrei eskaerak jarri ditzaten dei egiteko eta horretan laguntzeko konpromisoa hartu du, baita erabaki horri publizitatea ematekoa ere.
2021 urterako Tasa eta Zergak
Egungo egoera dela medio, tasa eta zerga guztiak bere horretan uzteko proposamena egin da udal gobernutik, hondakinen bilketa eta tratamenduaren tasa izan ezik.
Kasu honetan igoera progresibo bat aplikatzeari ekin zitzaion iaz eta datorren urterako igoera berbera egiteko proposamena egin zuen alkateak. Adierazi zuen aurtengoan tratamendu kostua handitu egin dela erraustegiak jarri dituen prezioak direla eta.
Bestalde, industriako bilketa eta hondakinak izan ziren hizpide nagusi. Mutiloako zabortegia itxi eta hondakinak erraustegira eramaten direnetik, tratamendu kostua seikoiztu egin da eta beraz, industriako hondakinen tasa nabarmen igotzea proposatu du udal gobernuak, udalak horren kargarik hartu ez dezan.
Beraz, eta EHBilduko 6 ordezkarien aldeko bozkez eta EAJ-PNVren 2 ordezkarien abstentzioarekin honakoa onartu zen:
Hondakinen bilketa eta tratamendu tasa:
Tarifa mota |
Euro/ urteko |
Etxebizitza atez ate bilketa sistema (igoera %7) |
115,63 |
Etxebitza etxola bidezko bilketa sistema (igoera %7) |
104,76 |
Komertzioa (igoera %11) |
168,55 |
Tabernak (igoera %14) |
190,00 |
Hotelak eta komertzio handiak (tasa berria) |
400,00 |
Industria |
|
Tarifa finkoa |
589,25 |
Tarifa aldakorra sortutako errefusaren arabera |
Kontenedore txiki bakoitza (360l) 114,26 |
Tarifa aldakorra sortutako errefusaren arabera |
Kontenedore handi bakoitza (1000l) 342,78 |
Pabeloi hutsak (industrialak) (igoera %11) |
168,55 |
Galde erreguak:
Puntu honetan hainbat hitzartze egon ziren. Batetik, Mikel Luloaga EHBilduren ordezkariak pasa den asteburuan Ordizia eta Zaldibian izandako baheketaren emaitzak izan zituen hizpide. Zinegotziak azaldu zuen zein izan zen Udalak jaso zuen informazioa emaitzei dagokionez eta salatu zuen oinarrizko informazioa falta zela. Zenbat zaldibitarrek hartu zuten parte? Osasun Sailari datuak eskatzen jarraituko zutela adierazi zuen.
Bestetik, EAJ-PNV taldearen izenean Garbiñe Mendizabal zinegotziak hitza hartu zuen taldean adostutako testu bat irakurtzeko. Bertan datu babesaz eta Covid-19az kutsatutako herritarren hondakinen bilketaz eskaera batzuk egiten zitzaizkion Udalari.
Eskaera honen aurrean alkateak honako erantzunak eman zizkien:
Amaitzeko, Emagin taldeko kide batek parte hartu zuen bilkuran, bertan azaldu zuenez Udalak formakuntza prozesu bat hasiko duelako hemendik hasi eta datorren urte amaierara arte. Udal ordezkariek, langileek eta herriko eragileek jasoko dute formakuntza hau, datozen hilabeteetan garatuko dena.