Ohiko Osoko Bilkurako laburpena eta bideoa

Atzo, Zaldibiako historian lehen aldiz, Ohiko Osoko bilkura telematikoa ospatu zen. Hainbat gairen inguruko berri eman eta hainbat erabaki onartu ziren, guztiak aho batez. Jarraian laburpena gai nabarmenekin eta pleno osoa ikusteko aukera.

Azken bi udalbatzetako aktak onartzeaz gain, ohiko osoko bilkura guztietan bezala, alkatetza dekretu zerrenda aurkeztu eta aurrekontu egikaritzari buruzko informazioa eman zen, udalbatzako kideek agertutako zalantzak erantzunez. Horretaz gain, atzoko plenoak beste hiru gai zituen ardatz:

Kreditu aldaketak onartzea

2020ko aurrekontuari gehitu zaion diru-poltsa onartu zen batetik, eta partida batetik besterako bi mugimendu baimendu ziren bestetik, biak aho batez onartuak.

Aurtengo aurrekontuari 240.263,69€ gehituko zaizkio. Zati handiena, 200.000€, Europatik datorren Leader diru-laguntzari dagokio, udaletxe berriaren beheko solairua eraiki eta hornitzeko Udalak aurkeztutako proiektuak laguntza eskuratu baitu.

Horretaz gain, 31.682,5€ eskuratu dira (Eusko Jaurlaritza) herri-mendian baso habitaten lehengoratze proiektua garatzeko 2020-2021 biurtekorako, erdi-banan. Udalak beste urte banatan 8.888,8€rekin osatuko duena. Hemen ikusi dezakezu proiektuari buruzko informazioa.

Bukatzeko, Ernaitzako bidea konpontzeko basozaleen zatia (11.722,44€), Zaldibia Herrigintza udal-taldea disolbitu ondoren Udalari egin dion diru ekarpena (6.000€ adinekoekin eta 6.000€ 12-16 urte arteko gaztetxoekin ekintzak egiteko) eta Covid-19aren aurrean osatutako elkartasun diru-poltsa (momentuz 700€-koa) ere txertatu ziren aurrekontura.

Partiden arteko bi mugimendu ere onartu ziren: udaletxe berriaren maileguaren amortizaziorako diru-partidatik euri jasak eragindako kalteak ordaintzeko pasa ziren 43.951,74€ eta kreditu globaletik 4444,4€ baso habitaten proiektua osatzeko.

Aurrekontuen inguruan, Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak azaldu zuen, Covid-19ak izandako eraginak tarteko eta egungo erronkei aurre egin asmoz aurrekontuak egokitu beharko direla. Hala ere, salatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen erabakia, udalek jasotzen duten foru funtsa %20ra murriztea hil honetako ordainketetatik hasita, gainera. Honen aurrean, adierazi zuen eskaera-gutun bat bidali ziola Markel Olano Diputatu Nagusiari.  

Covid-19a: udalak hartutako neurrien berri ematea udalbatzari

Osoko bilkurako 5. Puntuan, azken bi hilabeteetan hartutako neurrien berri eman zuen Alkateak, baita gaur egun Udalak esku artean dituen lanak azaldu ere (puntu hau plenoko bideoan 32. minututik aurrera ikus daiteke).

Hartutako neurriei buruzko zerrendatzea egin zen, webgune honetan ere egunez egun eguneratzen diren neurriak aipatuz. Herritar zaurgarrienak babesteaz gainera, konfinamendua arintzeko neurriak hartzea izan du lehentasun Udalak eta hori gauzatzeko hainbat protokolo eta egokitzapen egin ditu. Informazio bideak indartzea ere izan da erronketako bat.

Egungo lanen artean, berriz, hainbat erronka aipatu ziren, tartean herriko komertzio eta ostalaritza sustatzeko bono-salmenta eta kontzientziazio kanpaina herrikoi bat egitea, bizimodu berri horren atariko. Honen harira, interes ekonomiko eta politikoek gidatutako kudeaketarekiko haserrea agertzeaz gainera, osasuna lehen lerroan jartzea eskatu zuen Alkateak, baita udalak defendatzea ere egoera hau kudeatzeko ezinbesteko tresna gisa. Aldi berean, herritarrei benetako erronka beti gogoan izatea eskatu zien, gaitzari aurre egitea eta horretarako funtsezko bi ideia: eskuak garbitu eta bi metro.

Euri-jasaren kalteen eta egoeraren berri ematea

Apirilaren 24ko euri jasek Zaldibian izan zuten eragin handiena eta hainbat kalte eragin zituen, tartean gure auzoetarako bideetan. Langileen eta herritarren erantzun azkarra eskertzeaz gainera, konponketa lanen lehen balorazioa aurkeztu zuen Alkateak, baita lanen egoeraren berri eman ere.

Guztira bost lubeta edo eskollera egin behar izan dira, baita bide-zoruaren konpoketak ere, Arruegi auzorako bidean hiru, Santa Barbara gainean bat eta Unanubieta baserritik Aierdirako bidean bestea. Horretaz gain, bi lur irristatze izan ziren, Alotzpe etxerako bidean bat eta Arkakako oinezko-bidean bestea.

Guztirako lehen balorazioa 53.594,84€koa da. Lanak azken fasean sartuta daude, guztiak konponduta daude  Arruegi auzoko bide-zorua izan ezik, datozen egunetan bukatuko dena. Amaierako kostua lehen balorazioaren azpitik joango dela aurreikusten da eta Foru Aldundiak laguntza emango digula ere bai, portzentaia ofiziala oraindik iritsi ez bada ere.

 

Hala, iluntzeko 19:35ean amaitu zen udalbatza.