ZALDIBIAKO
udala

Zaldibiako Baso Habitatak lehengoratzeko proiektua

Zaldibiako herri-lurretako ondare naturala hobetzeko ekintza ezberdinak garatuko ditu Zaldibiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak emandako diru-laguntza bat lortu ondoren. Covid-19a dela eta lanak pixka bat atzeratuko diren arren, eta hauen azalpenerako aurreikusita genuen hitzaldi irekia ere momentuz atzeratuta, egingo diren lanen inguruko azalpen labur bat aurkituko duzu jarraian.

NATURA-ONDAREA HOBETZEKO EKINTZAK

  • Pago mugarratuak mantentzea:

Ausa Gaztelu mendiaren magalean, zuhaitz exotikoak landaturiko zenbait eremutan neurri handiko hainbat pago mugarratu mantentzen dira, baina inguruko zuhaitzen konpetentziak hauen bizirautea zailtzen du. Horrelako zuhaitzak oso baliotsuak dira bioaniztasunarentzako eta horregatik, hauen egoera hobetzeko inguruko zuhaitz exotikoak botako dira, zuhaitz handi hauen adaburuak libre uzteko adina.

Pago mugarratuak mantentzeko lanak egingo diren gunea.

Babestu nahi diren pago mugarratuen adibide bat.

  • Bertako basoa berreskuratzea:

Igirua herri-mendietako eremu handi bat zuhaitz exotikoen landaketek estaltzen dute. Hauen artean ugarienetako bat Korsikako haltzaren landaketak dira. Eremu horietan, bertako espezieak (lizarrak, astigarrak, zumarrak, ezkiak eta haritzak) bere kasa datoz unada ezberdinetan eta bertako basoa berreskuratzeko asmoz, zenbait eremutan zuhaitz exotikoak botako dira espezie autoktonoen mesedetan.

Bertako basoa berreskuratzeko tratatuko den eremua eta Arkakako putzua.

Zuhaitz exotikoen artetik bertako espeziak bere kasa datoz zenbait eremutan.

  • Arkakako urtegiaren lehengoratzea

Arkakako zentral hidroelektrikoan turbinatzen den ura errekara isuri aurretik biltegiratzeko urtegi bat dago eta egitura artifiziala izan arren, hainbat animali taldeentzat oso garrantzitsua da (ibai karramarroak, anfibioak, saguzarrak, etab.).

Urtegiaren inguruan arrantza-eskola eraiki zeneko egurrezko egiturak bertan daude oraindik. Gaur egun, zaharkituta daudenez eta erabiltzeari utzi zaionez, egitura horiek kendu eta eremu hori lehengoratzeko lanak egingo dira. Eremuaren naturalizaziorako, lurra berdindu eta bertako espezieen landaketak egingo dira gaur egun eraldatuta dauden bi ertzetan.

Arkakako putzuan kenduko diren egurrezko egiturak.

Aurrez aipaturiko ekintza guzti hauei jarraipena egingo zaie, hauen eboluzioa eta eragina ezagutzeko espezie ezberdinen inguruko behaketak egingo dira.

SENTSIBILIZAZIO ETA GIZARTERATZE EKINTZAK

Gizarteari orokorrean, baina batez ere Zaldibiako herritarrei zuzendutako ekintza desberdinak egingo dira:

  • Informazio hitzaldiak: proiektuaren aurkezpena, nahiz amaierako emaitzak gizarteratzeko bi informazio hitzaldi egitea aurreikusten da. Ekintzak aurkezteko lehen hitzaldia koronabirusaren krisiarengatik atzeratu egin behar izan da, baina egoerak berriz baimentzen duenean antolatzeko asmoa dago.
  • Ibilaldi gidatua: ekintzak garatutakoan, bertatik bertara hauek ezagutzeko ibilaldi bat antolatuko da.
  • Informazio panelak: hobetu nahi den ondare naturalaren eta hobekuntza-lanen informazioa biltzen duten bi informazio panel jarriko dira.

EKINTZEN GARAPEN EPEAK

Proiektua 2020 eta 2021 urteetan garatuko da. Zenbait ekintzak jada martxan behar zuten arren, koronabirusaren krisia dela eta, ez da hauek atzeratzea beste irtenbiderik egon. Dena den, udaberri amaiera edo uda hasierarako lanei ekin ahal izatea espero da.

Proiektu honek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidezko kofinantzaketa komunitarioa dute.