Osasun alertaren harira, Zaldibiako Udalaren mezua

Ordizia izan du sorburutzat Covid-19 izurritearen azken agerraldiak. Gertaera hauek etxeko atarian emateak sortutako urduritasuna eta ezinegona, zuhurtzian eta prebentzio neurrietan bilakatu behar dugu. Hemen duzue Eztitxu Mujika Mariezkurrena Zaldibiako Alkatearen ahotik udalaren mezua.

Kaixo zaldibitarrak,

Egoera nahasia bizi dugu egunotan herrian eta eskualdean. Hasteko nire esker ona adierazi nahi diet egunotan Ordiziako fokuari lotuta proba egiteko txanda hartu eta emaitzen zain etxean egon zareten herritarrei, baita beren etxekoei ere, jarrera eredugarria zuena.

Bestetik, eskualdeari eta bereziki Ordiziako herriari nire animoa eman nahi diet, baita nola ez Adur Ezenarro Agirre alkateari eta Ordiziako Udalari ere, une zail hauek kudeatzeko egiten ari diren ahaleginagatik. Ez da erraza, Adurrek berak dioen bezala “itsuan” erabaki egokiak hartzea eta egunotan ziurtatu ahal izan dugun bezala Udalek eta herritarrek dugun informazio eza nabarmena da, horrek sortzen dituen oztopoekin.

Gertaera honek agerian jarri digu zer izango den normaltasun berria, azken finean, aurrera eta atzerako dantza bat, noiz hasi den bai, baina noiz bukatuko den ez dakiguna, ziurgabetasunez eta aldaketez betea.

Eta dantzatzea dagokigu eta egingo dugu, egon ziur. Bi esku luzatu nahi ditut horretarako:

Bat herritarrei. Lehen aipatu dut herriko gazte askok izan duten jarrera eredugarria: fokoa izan den lekuan egonez gero, osasun zentrora deitu, proba egiteko eskatu eta emaitzak jaso arte etxean bakartu. Hori da egin beharrekoa, hartu dezagun denok gogoan, hori delako elkar babesteko modu onena.

Ordiziako Alkateak behin eta berriz salatu du jasotzen ari diren informazioa goitik beherakoa izan ordez, behetik gorakoa dela, hau da, herritarrek ematen diotela eskutan duen informazioa eta horren arabera ari direla erabakiak hartzen, beste informaziorik ez dutelako. Egunotan geu ere egoera berdina bizitzen ari gara, herritarrengandik dakigu dakigun guztia.

Horregatik eskua luzatzen eta eskatzen dizuegu herritarrei: informatu ezazue Udala, bai zuen babes osoa bermatzeko neurriak hartu ditzagun, baita herria ahalik eta azkarren babestu dezagun ere. Hemendik aurrera, normaltasun berrian, halako gertaerak errepikatzea ezin dugu baztertu. Foku batean izan zarela baldin badakizu edo sintomak badituzu, proba egiteko eskatu, etxean bakartu eta Udalera deitu. Ez dugu beste iturririk, garrantzitsua da. Soilik horrela jakin ahalko dugu zenbat herritar egon diren arrisku eremutan, zenbat egon daitezkeen kutsaturik edo eta sortu daitezkeen arrisku berriak garaiz identifikatu eta neurriak hartzen.

Bigarren eskua Eusko Jaurlaritza eta Osasun Sailari luzatzen diet. Elkarlana beharrezkoa da gauzak ondo egin nahi badira, baina horretarako Udalek informazioa behar dugu. Ez da zilegi udal agintariok prentsaurreko bidez informatuak izatea. Bidean ezer ikasi badugu aurre hartzeak duen garrantzia da eta horretarako informazioa ezinbestekoa da.  Halaxe bizi izan genuen otsailean Nikelaren gaiarekin eta oraindik ere Osasun Sailak berdin jarraitzen du Covid-19arekin ere. Eta herritarrek bezala Udalek, informazio gardena behar dugu, trikimailurik gabe eta ahalik eta azkarren.

Luzatutako eskuak hartzea eskatzen dizuet bai herritarroi bai eta osasun sailari. Elkarlanean eta arduraz jokatzea dagokigu, osasuna dago jokoan.  

Momentuz, Zaldibian ez dugu neurri berezirik hartzeko arrazoirik, bai, ordea, azkenaldian atzentzen ari zitzaizkigunak indartzea: distantzia, eskuak garbitzea, musukoa erabiltzea. Bereziki eremu itxietan eta distantziak mantentzea zaila den lekuetan.

Zukati ta danokati, zaindu gaitezen.

Bukatzeko, hemen duzue Zaldibiako Udala, mesedez kontatu gurekin. Ez eduki zalantzarik ohiko udaleko telefonora deitzeko edo Covid-arekin loturiko edozein informaziorako, eta erabili udal informazio kanalak albisteak jasotzeko:

  • ZALDIBIAKO UDALAren telefonoa: 943 88 03 57
  • Webgunea: www.zaldibia.eus
  • ZaldibiAPP aplikazioa
  • WhatsApp Kanala: gorde 680 79 54 73 mugikorreko agendan eta bidali INFORMAZIOA hitza telefono zenbaki horretara.

Eskerrik asko eta eutsi goiari!

Eztitxu Mujika Mariezkurrena

ZALDIBIAKO ALKATEA